Itxi

Euskal sukaldaritza

Bizitza osoko lana aitortzen duen Gastronomia Sari Nazionala jasoko du Hilario Arbelaitzek

A. Aramendi Elduaien | EITB Media

Leer en Castellano

Oiartzungo sukaldariak 2022ko abenduan hartu zuen erretiroa eta Zuberoa jatetxe ezaguna itxi zuten. Ordutik, bere ibilbide profesional oparoa aitortzen duten sariak eta omenaldiak jasotzen ari da.

Hilario Arbelaitz. Argazkia: Zuberoa

Hilario Arbelaitz sukaldari oiartzuarrak bizi osoko jarduna sarituko duen Gastronomia Sari Nazionala jasoko du. Ibilbide profesional osoan zehar, gastronomian aparteko ekarpena egin duten sukaldariei aitortza egiten die Espainiako Gastronomiako Errege Akademiak sari honekin. Kasu honetan, Arbelaitzen ibilbidea "hutsik gabekoa" izan dela aipatu du epaimahaiak.

Hilario Arbelaitzek (Oiartzun, 1951) 2022ko abenduaren 30ean hartu zuen erretiroa, 53 urtean lanean aritu ondoren. Egun horretan itxi zituen ateak Eusebio eta Jose Mari anaiekin batera kudeatzen zuen Zuberoa jatetxeak. Euren sortetxean, 700 urteko historia duen baserrian, kokatutako jatetxea "erromesean joateko moduko kultuzko gastronomiaren gune" gisa definitu du Akademiak.

Arbelaitzek beti esan izan du amarengandik eta izebarengandik jaso zuela betiko sukaldaritzarekiko zaletasuna. Ondoren, Lapurdin ikasi ondoren, goi mailaraino eraman zuen bere lana eta Euskal Herriko sukaldaririk ezagunenetako bat izatera iritsi zen. Denbora batez bi Michelin izar izan zituen Zuberoa jatetxeak.

Asmatu zituen plateren arteko batzuk gizartearen memorian geldituko direla iritzi dio gastronomiako akademiak, hala nola, txitxirio eta aza saldarekin lagundutako foie gras-a, guillardeau ostra edota munduan zabaldu den gazta-tarta.

Sukaldari aparta izateaz gainera, gazte askorentzako irakasle eta aholkularia izan zen Hilario Arbelaitz. Mundu osoan barreiatuta daude haren ikasleak eta horietako asko sona handiko chef izatera iritsi dira. Halaber, Gremioko gainerako sukaldariek maitasunez hitz egiten dute berari buruz, lagun ona eta talentu handiko kidea dela azpimarratzen dute.

Horregatik guztiagatik, sari ugari irabazi izan ditu ibilbide osoan zehar. Aipatzekoak dira 1991an jasotako Gastronomia Sari Nazionala eta 1993an eman zioten Euskadi Gastronomia saria. Erretiroa hartu duen honetan, berriz, bere ibilbide osoari aitortza egiten dioten ekitaldiak ditu nonahi, Basque Culinary Centerren egindako omenaldia esate baterako.

Gastronomia Sari Nazionalak banatzeko ekitaldia urriaren 3an izango da Madrilgo Reina Sofia Museoan.

Informazio gehiago (1)