Itxi

2023ko sanferminak

Victoriano del Rioko zezenek korrikalari bat adarkatu dute sanferminetako entzierro azkarrenean

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Leer en Castellano

Aurtengo marka (2'18'') ezarri dute Madrilgo adardunek. Abiadura biziaren ondorioz, hainbat erorketa izan dira, eta une arriskutsuak sortu. Hiru lagun eraman dituzte ospitalera, bat adarkatuta. 58 urteko herbeheretar bat da, eta zauria du barrabil-zorroan.

2 minutu eta 18 segundo. Marka ezarri dute gaur Victoriano del Rio Madrilgo ganadutegiko zezenek, eta aurtengo entzierro azkarrena egin dute. Arinak izanagatik, arrisku egoerak sortu dituzte, eta pertsona bat zauritu dute adarkadaz (jaietako bigarrena).

Horrez gain, beste lau pertsona artatu dituzte, kontusioengatik, eta bi ospitalera eraman (adarkatuaz gain). 

Ohi bezala, adardunek joaldunen ostean batuta ekin diote 800 metroko ibilbideari, baina laster zezen beltz bat aurreratu da, eta beste anaia bat batu zaio handik gutxira. Azken hori hainbat momentutan oldartu zaie korrikalariei. 

Ziztu bizian joan dira, eta, hala, hainbat eroriko izan dira. Kallejoira bidean, denen buru zebilen zezenak korrikalari bat airean hartu eta lurrera bota du (praka apurtuta altxatu da zorutik). 

Estafetan, zezenak sakabanatuta zirela, lasterketa politak egiteko abagunea izan da. Zati honetan, animalietako batek adarra sartu dio Herbehereetako 58 urteko gizon bati, eskrotoan zauria eraginez, Nafarroako Ospitaleko arduradunek jakinarazi dutenez. 

Beste bi korrikalari erietxeratu dituzte, biek kontusioak dituzte, batak besoak eta besteak, hankan. 

Bideoak (1)