Itxi

Bizkaia

Sestaoko Isabelen etxean bizi ziren bi gizonak euren kabuz atera dira

I.L.K. | EITB Media

Leer en Castellano

Udalerri horretako Maiatzaren Lehena auzuneko etxebizitza uzteari uko egiten zion maizterra ateraraztekoak ziren gaur. Azkenean, berak eta beste gizon batek etxetik alde egin dute, aparteko gorabeherarik gabe.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gaur goizean, Sestaoko Maiatzaren Lehena auzoko etxebizitza bat utzarazteko agindua gauzatu da. Urte eta erdi zeraman maizter ohiak bertan bizitzen, eta ez zuen etxea utzi nahi. Azkenean, bi pertsona atera dira eraikinetik, poliziaren esku-hartzerik gabe.

83 urteko Isabel Morenoren etxea zen. Etxebizitza saltzeko asmoa zuen, adinekoen egoitza bateko egonaldia ordaindu ahal izateko. Duela urte eta erdi, Loli lehengusina salatzen hasi zen zortzi urtez jabetza alokatu zuen pertsonak uko egiten ziola hura uzteari, jabeak erabaki ostean ez ziela errentariei alokairu-kontratua luzatu nahi. Horietako bik iazko uztailean alde egin zuten, baina hirugarren batek bertan geratzea erabaki zuen.

Gaurko 10:15ak aldera, idazkari judiziala etxebizitzan sartu da, hura utzaratzeko aginduarekin. Etxean bizi zen gizonak berak ireki dio atariko atea, eta, minutu batzuk geroago, zenbait poltsa eskuan zituela atera da, jarraian autoz alde egiteko.

Handik gutxira, etxebizitzan bizi zen beste gizon bat ere bere gauzekin atera da, aparteko gorabeherarik gabe.

Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, kaltetuaren lehengusinak "amesgaiztoa amaitu" dela ospatu du. Era berean, prozesuan zehar "diru asko" xahutu duela eta lehengusinaren osasunak okerrera egin duela esan du, eta legeria aldatzea eskatu du, "horrelako egoerak errepika ez daitezen".

Bideoak (1)