Itxi

Krisi klimatikoa

2023ko uztailaren 6a, inoizko egunik beroena

EITB Media

Leer en Castellano

Gainera, 2023ko uztaila inoiz erregistratu den uztailik beroena izatea espero da, Copernicus Klima Aldaketaren Zerbitzuak gaur argitaratutako datuen arabera.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EBren finantzapeko Copernicus Klima Aldaketaren Zerbitzuko (C3S) ERA5eko datuen arabera, uztaileko lehen hiru asteak inoiz erregistratutako beroenak izan dira, eta hilabetea inoizko uztail eta hilabeterik beroena izateko bidean da. Gainera, hilaren 6an inoizko egunik beroena izan zen, 2016 urtean ezarritako marka gaindituta.

Tenperatura horiek Ipar Amerikako, Asiako eta Europako eremu zabaletako bero boladekin lotuta egon dira, eta Kanadako eta Greziako baso suteekin batera, pertsonen osasunean, ingurumenean eta ekonomietan eragin handia izan dute.

Uztailaren 6an, gainazaleko airearen eguneko batez besteko tenperatura globalak 2016ko abuztuan ezarritako marka gainditu zuen, eta erregistratutako egunik beroena izan zen, uztailaren 5a eta 7a ondotik dituela. Halaber, uztaileko lehen hiru asteak inoiz izan den hiru asteko aldirik beroena izan dira, eta batez besteko tenperatura globalak aldi baterako gainditu zuen 1,5 ºC-ko atalasea, industriaren aurreko mailaren gainetik, hileko lehen eta hirugarren asteetan (behaketa errorearen barruan).

Maiatzaz geroztik, itsas azaleraren munduko batez besteko tenperatura urte sasoirako aurretik behatutako balioen oso gainetik egon da, eta horrek lagundu du uztaila bereziki beroa izaten.

Copernicusek nabarmendu du "oso litekeena" dela 2023ko uztaila uztailik beroena izatea, baita hilabeterik beroena ere, ekaineko datu historikoen ondoren.

Muturreko eguraldia

"Uztailean milioika pertsonari eragin dien muturreko eguraldia, zoritxarrez, klima aldaketaren errealitate gordina eta etorkizunaren aurrerapena da", adierazi du Petteri Taalas irakasleak, Munduko Meteorologia Erakundeko (MME) Idazkari Nagusiak. "Berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko beharra inoiz baino premiazkoagoa da. Klimaren aldeko ekintza ez da luxua, betebeharra baizik", gaineratu du.

MMAk aurreikusten du % 98ko probabilitatea dagoela hurrengo bost urteetako bat gutxienez erregistratutako beroena izateko, eta % 66ko probabilitatea 1850-1900eko batez bestekoaren gainetik aldi baterako 1,5 ºC gainditzeko gutxienez bost urte horietako batean.

Bideoak (1)