Itxi

Eguraldia

Gasteizen eta Iruñean batez beste iaz baino ia bi gradu gutxiagoko tenperaturak izan dira uztailean

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Leer en Castellano

Hego Euskal Herriko hiriburuen artean, baina, Bilbo izan da beroena, batez beste 21,21 gradu neurtuta, 2022an baino gradu bat gutxiago. Donostian 19,72 gradukoa izan da batezbestekoa, iaz 21,1ekoa izan ostean.

Hiriburuetako 2022ko eta 2023ko batez besteko tenperaturen alderaketa. EITB Media

Aurtengo uztailean tenperatura leunak izan ditugu Euskal Herrian, iazko epe berean izandakoen azpitik. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan joera bera izan dute, eta 2022ko balioetatik behera kokatu dira batez besteko tenperaturak. Iruñean eta Gasteizen freskatu du gehien, betiere iazko batezbestekoarekin alderatuta, ia bi gradu inguru (1,99 ºC Iruñean eta 1,74 ºC Gasteizen).

Aurtengo batez besteko tenperatura altuena Bilbon izan dute, 21,21 ºC, eta baxuena, Gasteizen, 19,1 ºC. Tartean geratu da Donostia, 19,72 ºC-ko batezbestekoarekin, eta Iruñea apur bat gorago (19,81 ºC). Horrenbestez, Bizkaiko hiriburua izan da denetan beroena. 

Iazko datuekin alderatuta, 1-2 graduko aldea dago kasu guztietan. Aipatu bezala, Iruñean (21,8 ºC-ko batezbestekoa iaz) eta Gasteizen (20,83 gradukoa) izan da beherakada nabarmenena. Donostia dago sailkapen horretan hirugarren, 1,38 graduko aldearekin (21,1 ºC-ko batezbestekoa iaz), eta Bilbo izan da gutxien "freskatu" den hiriburua, betiere iazko batez besteko tenperaturarekin alderatuta: 2022an 22,37 ºC-koa izatetik aurten 21,21 ºC-koa izatera igaro da (gradu pasatxo egin du behera, hortaz). 

Akaso baten bati harrigarria egin zaio Bizkaiko hiriburua izatea denetan beroena, Iruñea eta Gasteiz gaindituta. Anplitude termikoa —tenperatura minimo eta maximoaren arteko aldea— da horren eragilea. Anplitude hori handiagoa izan ohi da barnealdeko hiriburuetan, Gasteizen eta Iruñean beste bietan baino gehiago egiten dute gora termometroek, baina gauean horietan jaisten dira gehien. Bilboko tenperatura, ordea, egonkorragoa da, eta batezbestekoa altuagoa.

Albisteak (1)