Itxi

ASTURIAS

Gutxienez zazpi pertsona larri zauritu dira, Covadongako lakuetara bidean autobus bat iraulita

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Larri zauritutakoak Asturiasko Unibertsitate Ospitale Zentralera eta Arriondaseko ospitalera eraman dituzte. Halaber, gutxienez 12 pertsona arin zauritu dira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Autobus bat irauli da Covadongarako lakuetara bidean eta gutxienez zazpi pertsona ospitaleratu dituzte, larri, Guardia Zibilaren iturriek jakinarazi dutenez.

Lau pertsona helikopteroz eraman dituzte Asturiasko Unibertsitate Ospitale Zentralera eta Arriondaseko ospitalera, eta beste hiru ostera, anbulantzian. Halaber, gutxienez 12 pertsona artatu dituzte Arriondasen, zauri arinekin.

Eguerdian gertatu da trafiko ezbeharra Europako mendietan. Oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko, autobusa bidetik atera eta irauli egin da. Barruan 49 pertsona zihoazen, gehienak umeak.

Alsa autobus konpainiaren arabera, gidariak 21 urteko eskarmentua du eta normalean ibilbide hori egiten du.

Ezbeharra izan duen autobusak bederatzi urte ditu eta uztailean gainditu du IAT ibilgailuaren azterketa teknikoa.

Adrian Barbon Asturiasko presidentea istripuaren inguruko dispositiboa jarraitzen ari da. "Benetako tragedia" izan zitekeela adierazi du, eta zaurituei arreta emateko beharrezko baliabide guztiak abian direla ziurtatu du.

 

Bideoak (1)