Itxi

'Patricia' depresioa

Donostiako Pasealeku Berria, 'Haizearen orrazia' eta Santa Klarako uhartea, itxita olatu handiengatik

EITB Media

Leer en Castellano

Uhartea larunbatera arte egongo da zarratuta. Ordura arte, olatuek kostaldean inpaktua izan dezakete itsasgoran, eta, badaezpada, hainbat neurri prebentibo hartu ditu Donostiako Udalak.

Olatu handiak Pasealeku Berrian. Artxiboko argazkia: EFE

Atzotik euskal kostaldea astintzen ari den itsas denboralea tarteko, Pasealeku Berria (trafikoarentzat) eta Kursaaleko kai-muturra zein Haizearen orrazia itxi ditu Donostiako Udalak. Gainera, atzotik, zarratuta daude Santa Klara uharteko sarbideak, eta horrela jarraituko dute larunbatera arte. 

Donostiako Udaletik jakinarazi duenez, 20:00ak arte, ibilgailuek debekatuta dute Pasealeku Berritik zirkulatzea. Bidea zabalik dago oinezkoentzat, baina kontuz ibiltzeko gomendatu dute. 

Olatuek ez dute aparteko arazorik sortu bart, Donostiako Udaltzaingoaren arabera. Dena dela, atzo 18 urteko mutiko bat larri zauritu zen olatu batek kolpatu ondoren buruarekin hondarra jota. Donostia Ospitalera eraman dute, eta muineko lesioa izan lezake. 

Bestalde, Kontxako hondartzan egoten diren bi gabarroi (txirristadunak) badiara hurbildu dituzte, babestuago egoteko. Gainera, esan bezala, Santa Klara uharteko sarbideak itxita daude, eta oholak jarri dituzte bertako zerbitzu batzuk (taberna, komunak eta dutxak) olatuetatik babesteko. Nonbait, olatuek tabernako aulki eta mahaiak eraman dituzte, baina, gainerakoan, ez omen da aparteko kalterik egon. 

Santa Klara uhartea larunbatean zabalduko dute berriro, 10:00etan

Azkenik, Cristina Iglesiasen Hondalea instalazio artistikoa ere itxita egongo da.

Albisteak (1)