Trafikoa
Euria tarteko, istripu ugari izan dira Bizkaian eta Gipuzkoan
EITB Media
Ezbehar larriena Gaintxurizketan izan da. Bi autok aurrez aurre egin dute talka bertan, eta bi pertsona zaurituta eraman dituzte ospitalera. Gipuzkoan, erruz egin du euria, eta ur-putzuak eta lur-jausiak izan dira hainbat lekutan.
Goiz korapilotsua izaten ari da trafikoari dagokionez, lehen orduan istripu ugari izan baitira. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bi ezbehar Gipuzkoan izan dira, GI-636an (Lezo) eta AP-8an (Lasarte-Oria), eta beste biak errepide berean, A-8an, Bilbon, baina noranzko batean bata eta bestean bestea. Azkenik, 07:00ak pasatxo, beste istripu bat izan da N-637 errepidean, Txorierriko igarobidean, eta ilarak eragin ditu Galdakaoko bidean.
Ezbehar larriena Gaintxurizketan (Lezo, GI-636) izan da, 05:20an. Argitu gabeko arrazoiak tarteko, bi autok aurrez aurre egin dute talka, Errenteriako noranzkoan, eta gidariak harrapatuta geratu dira. Ospitalera eraman dituzte. Autoak errepidetik eraman bitartean, ilarak sortu dira.
06:00etan, Bizkaian, A-8an, Zorrotzako bihurguneetan (Bilbo), bi ibilgailuk elkar jo dute, eta bi errei itxi behar izan dituzte Galdakaoko noranzkoan. Ez da inor zauritu, baina pilaketak sortu dira. Handik gutxira, ibilgailu bat bidetik irten da gune berean, Kantabriako noranzkoan. Horretan ere, ez da inor zauritu.
Azkenik, AP-8an, Lasarte-Oria parean, Irungo noranzkoan, bi autoren arteko istripua izan da. Ez da inor zauritu, baina pilaketak sortu dira.
Istripuez gain, Gipuzkoan azken orduetan izandako euriteen ondorioz, ur-putzuak eta lur-jausiak izan dira hainbat puntutan. Trafiko Zuzendaritzak ohartarazi duenez, ura pilatu da N-634 errepidean, Orio parean, eta luiziak izan dira GI-638an (Mutriku) eta GI-631n (Zumarraga).