Indarkeria matxista
Epaiketaren zain, aske utzi dute larunbatean Gasteizen izandako sexu-erasoagatik atxilotutako gizona
EITB MEDIA
Larunbat goizaldean atxilotu zuten, hainbat lekukok eta biktimak kalean gertatutako erasoaren berri eman ostean. Igandean utzi dute epailearen esku.
Ertzaintzak EITB Mediari baieztatu dionez, larunbatean Gasteizen izandako sexu-erasoagatik atxilotutako gizona epailearen esku utzi dute gaur goizean, eta aske geratu da deklaratu ostean, epaiketaren zain. Iturriek ez dute kasuari lotutako zehaztasun gehiago ematerik izan.
49 urteko gizona atzo atxilotu zuten Gasteizen, Andre Maria Zuriaren jaietan emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita. Gertakariak larunbatean izan ziren, 02:00etan, Arabako hiriburuko Santiago Ospitaletik gertu. Patruila batek gizon bat ikusi zuen korrika, eta hainbat pertsona haren atzetik, oihuka. Agenteek gizona geldiarazi zuten, eta biktimak berak eta hainbat lekukok erasoa kalean nola gertatu zen azaldu ondoren, ustezko erasotzailea atxilotu eta ertzain-etxera eraman zuten, beharrezko izapideak egiteko.