Itxi

Pirinioak

30 urteko mendizale nafar bat hil da Huescako Montferrat mendian istripua izanda

EITB Media

Leer en Castellano

Ainara Marizkurrena Sagaseta doneztebarra da hildakoa. Ezbeharra atzo gertatu zen. Emakumea 400 metrotik amildu zen, bikotekidearekin zegoela; hark ohartarazi zituen larrialdi zerbitzuak.

Huescako Pirinioak. Irudia: EITB

Ainara Marizkurrena Sagaseta mendizale nafarra hil da Pirinioetan, erorikoa izanda, Huescako Guardia Zibilak ohar batean jakinarazi duenez. 

Iturri horien arabera, atzo jazo zen istripua, 11:00k inguruan, Huescako Montferrat mendian, Torla udalerrian. 30 urteko doneztebarra 400 metrotik behera amildu zen, bikotekidearekin zegoela; hark ohartarazi zituen larrialdi zerbitzuak.

Ohartarazpena jasota, Boltañako Guardia Zibilaren Mendian Esku Hartzeko Erreskate Taldea, Benasqueko Aire Unitatea eta 061 osasun zerbitzua bertaratu ziren. Hasieran, ez zuten inor topatu, baina Grand Tapoura jaitsi, eta istripuaren leku zehatza jakinarazi zieten mendizale batzuek.

Erreskate taldeak emakumearengana iritsi zirenerako, hilotz zegoen. 

Gorpua Huescako Probintzia Ospitalera eraman zuten. Marizkurrenaren aldeko hileta-elizkizuna bihar 19:00etan egingo dute Doneztebeko parrokian.