Itxi

EGURALDIA

Alerta laranja ezarri dute asteazkenerako EAEn eta Nafarroa erdi eta hegoan, muturreko tenperaturengatik

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gainera, abisu horia aktibatuko dute EAEn, baso-sute arriskuagatik eta galerna arriskuagatik.

Beroa hondartzan. Artxiboko argazkia: EFE

Euskal Autonomia Erkidego (EAE) osoa eta Nafarroa erdi eta hegoa alerta laranjan izango dira asteazken honetan, "muturreko tenperatura oso altuak" izango direlako. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, tenperatura maximoak 34 ºC ingurukoak izan daitezke kostaldean, eta 40 ºC ingurukoak, ostera, barnealdean. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du 12:00etatik 21:00ak arte.

Gainera, beroaldiarekin lotuta, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) alerta fasea aktibatu du. Fase honetan, besteak beste, egoera meteorologikoaren eta horren ondorioak gertutik jarraituko dituzte. 

Euskalmeten iragarpenaren arabera, asteazkenean giroa oso beroa izango da. Tenperatura maximoak 34 ºC ingurukoak izan daitezke kostaldean, eta 40 ºC ingurukoak barnealdean. Arratsalde-gauetik aurrera, baliteke zaparrada trumoitsuak garatzea, eta zenbait lekutan tenperatura jaistea. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da, eta baliteke azken orduetan haizeak ipar-mendebaldera egitea kostaldean, bolada gogorrekin. Gauean ez du asko freskatuko, tenperatura nahiko altua izango da denean: barnealdean eta kostaldean, ez da 22-27 ºC-tik jaitsiko, ezta 28-30 ºC-tik Ebro ondo eskualdean eta trantsizio eremuan ere.

Halaber, Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du baso-sute arriskuagatik eta galerna arriskuagatik. Lehendabiziko abisu horia barnealdean egongo da indarrean, 12:00etatik 21:00ak arte. Halaber, galerna arriskuari lotutako abisu horia 22:00etatik 00:00etara aktibatuko da.

Nafarroan, Aemetek alerta laranja ezarri du asteazkenerako Erriberan eta erkidegoaren erdialdean, 13:00etatik 21:00etara, 39 ºC-ko maximoak espero baitituzte. Iparraldean eta Pirinioetan, aldiz, abisu horia aktibatuko dute, 13:00etatik 21:00etara, gehienez 35-36 gradu harrapatuko baitira. Halaber, 20:00etatik 00:00etara abisu horia izango dute, ekaitz arriskuagatik. 

Ipar Euskal Herrian, ostera, Meteofrancek ez du abisurik ezarri.