BEROALDIA
Alarma gorria amaitu da, baina beroagatik alerta laranja egongo da indarrean 21:00etara arte
EITB Media
Gainera, beste hiru abisu hori ezarri dituzte: baso-sute arriskuagatik (12:00etatik 21:00etara), enbatagatik kostaldean (20:00-00:00) eta prezipitazio handiagatik lurralde osoan (20:00-00:00). Osakidetzako larrialdi-zerbitzuak 56 pertsona artatu ditu, 19:00ak arte, muturreko beroak jota.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bero sapak "ez du asko iraungo, baina XXI. mendeko bost erregistro altuenetako bat neur daiteke gaur, bereziki barnealdean". Hitzokin laburbildu du Ricardo Ituarte Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak gaur izan dugun beroaldia. Osakidetzako larrialdi-zerbitzuak 56 pertsona artatu ditu, 19:00ak arte, muturreko beroak jota.
Alarma gorria 18:00etan bukatu da, baina beroagatik alerta laranja egongo da indarrean kostaldean (12:00etatik 21:00era arte) eta barnealdean (12:00-15:00 eta 18:00-00:00 tarteetan), eta beste hiru abisu hori ezarri dituzte: baso-sute arriskuagatik (12:00etatik 21:00etara), enbatagatik kostaldean (20:00-00:00) eta prezipitazio handiagatik lurralde osoan (20:00-00:00).
Egunaren azken orduko ekaitz horiei esker, haizearen norabidea aldatu eta tenperaturek behera egingo dute, eta balio "normalagoak" izango dituzte, Ituartek Bilbon, Trafikoa eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan egin duen agerraldian adierazi duenez.
Dena dela, gaueko tenperaturak oso epelak izango dira, 30 ºC ingurukoak Araban, Onintze Salazar Euskalmeteko meteorologoaren arabera. Kostaldean, 22-27 ºC ingurukoak izango dira minimoak, eta Gipuzkoa eta Bizkaia barnealdean, 24-28 ºC-koak.
Adituaren esanetan, goi geruzetan kokatutako aire-masa beroari hego-haizea batu zaio gaur, eta horrek eragin du muturreko bero hori. Sargori horren ondorioz, litekeena da arratsaldean bero-hodeiak sortzea eta ekaitzak lehertzea, lehenengo barnealdean (20:00etatik aurrera) eta gero kostaldean. Ordu bertsuan, enbata sartuko da kostaldean.
Hala, iragarpenaren arabera, ordubetean 15 litro pila daitezke metro koadroko, eta haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan litezke (80 km/h-tik gorakoak). Txingorra ere egin dezake.
Bestalde, itsasaldeko enbata tarteko, haizea oso zakar ibiliko da eta ufadek 60-80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete. Kostaldeko tenperaturak 5-10 ºC jaitsiko dira ordubete eskaseko tartean.
"Gauean, ipar-haizea sartuko da denean, eta biharko tenperatura balioak ohikoak izango dira", argitu du Salazarrek. Hori dela eta, 26-27 graduren bueltan mugituko dira maximoak kostaldean, eta 30-33 ºC-koak izango dira barnealdean.