ANDRE MARIA ZURIAREN JAIAK
Blusa eta Nesken Batzordeak bertan behera utzi du arratsaldeko kalejira, beroagatik
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak alarma gorria ezarri du 15:00etatik 18:00etara Araban eta Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean, 40 graduak gainditu daitezkeelako.
Gaur amaituko dira Gasteizen Andre Maria Zuriaren jaiak, Zeledonen igoerarekin, baina festaz gozatzeko aukera izango da oraindik ere. Hala ere, beroak eragina izango du gaurko aurreikusitako ekitaldietan; izan ere, Blusa eta Nesken Batzordeak bertan behera utzi du arratsalderako deituta zuen kalejira.
Gaur goizean premiazko bilera egin ostean hartu dute erabakia blusek eta neskek, Eusko Jaurlaritzak muturreko tenperatura altuengatik ezarritako alerta maila alarma gorrira igo aurretik. Alarma gorria 15:00etatik 18:00etara egongo da indarrean Araban eta Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean.
Arratsaldeko kalejira ez egiteko hiru arrazoi aipatu dituzte: Eusko Jaurlaritzak beroagatik ezarritako alerta, Udalak tenperatura altuengatik larrialdi protokoloa aktibatu izana eta langileen eskubideen aldeko defentsa.
Halaber, Blusa eta Nesken Batzordeak ohartarazi du programatutako gainerako jardueren ordutegia ere alda daitekeela beroagatik.