Bizkaia
Bizkaiko urtegien erreserba % 64,6an dago, iazko % 68,5aren aldean
EITB Media
Busturialdeko ur kontsumoa mugatu ondoren, Ur Partzuergoak adierazi du egoera iazkoa baino hobea dela eta segundoko 130 litroko tartea dagoela larrialdi-egoerara iritsi arte.
Zadorrako urtegien (Urrunaga eta Uribarri Ganboa) erreserbek 141 hektometro kubiko ur metatzen dute gaur egun; beraz, guztizko edukieraren % 64,65 dute, azken astean 5 hektometro kubiko galdu ondoren. Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren datuen arabera, Urrunagako urtegiaren erreserbak % 68,4koak ziren 2022ko abuztuaren 11n.
Euri-eskasiaren ondorioz emaria jaitsi denez, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak uraren zentzuzko erabileraren protokoloa aktibatu du Busturialdean (Bizkaia).
Aurtengo egoerak, baina, ez du iazkoarekin zerikusirik —lehorte larria egon zen 2022an—; izan ere, funtsezkoa ez zen ur kontsumoaren murrizketak uztailaren erdialdean egin ziren, eta abuztuan edateko ura itsasontzi batean garraiatu behar izan zuten Bilboko Portutik, hornidura bermatzeko. Gainera, ur zerbitzuaren presioa nabarmen murriztu zuten gauez.
Hektor Orbe Ur Partzuergoko Ekimen eta Estrategia Garapeneko zuzendariordearen arabera, "oraing iaz baino hobeto gaude". Normaltasuna, aurrealerta, alerta edo larrialdia egon daiteke, eta "aste honetan alerta egoeran sartu gara; iaz, sasoi honetan, larrialditik gertu geunden".
Horregatik, hartutako neurri murriztaileak "oraingoz moderatuak" direla adierazi du. Hala ere, baliabide hidrikoak murrizten badira eta lehortea luzatzen bada, irailaren erdialdera sar gaitezke arrisku-eremuan, nahiz eta une honetan segundoko 130 eta 140 litro arteko tartea dugun larrialdi-egoera horretara iritsi arte".
Hala bada, Orbek esan du Ur Partzuergoak dagoeneko zisterna-ontzi bat kontratatuta duela eremua hornitzeko, 2022an egin zuen bezala.
Ur Partzuergoak espero du 2028rako prest izatea Zadorra eta Busturia lotzeko sistema, Mungia eta Bermeo artean. "Plangintza betetzen ari gara: gaur egun Zadorrako sistema Busturiarekin lotzeko proiektuaren trazaduraren alternatiba ingurumenaren aldetik izapidetzen ari da. Obra oso zaila izan arren, bai ingurumenari dagokionez, bai gauzatzeari dagokionez, 2028rako zerbitzuan egotea espero dugu", azaldu du.
Bermeok eta Mundakak neurriak hartu dituzte eta uraren kontsumoa mugatu dute
Bermeok bertan behera utzi du lorategi eta kaleak ureztatzeko zerbitzua, eta garbitzeko presiozko makina bakarrik erabiliko dute garbiketa puntualak egiteko, beste abisu bat eman arte, Busturialdeko ur-eskasiari aurre egiteko.
Mundakak udal iturriak itxi ditu aldi baterako, eta parkeak, lorategiak eta baratzeak ureztatzea debekatu du; gainera, kaleak behar-beharrezkoa denean bakarrik garbituko ditu ura erabilita.
Era berean, debekatuta dago igerileku pribatuak betetzea edo berritzea, baita ibilgailuak eta gainazal edo plazatxo pribatuak garbitzea ere. Gainera, bainatu beharrean dutxatzeko gomendatu die bizilagunei, eta etxetresna elektrikoak karga osoarekin erabiltzeko.
Hain zuzen ere, urte sasoi honetan gora egiten du uraren kontsumoak eskualdean, eta, aldi berean, euri gutxiago egiten du. Horregatik, Udalak nabarmendu duenez, "alerta-egoera honetan, Udalari, enpresei eta herritarrei erantzukizunez jokatzea dagokigu".