Beroaren ondorioak
Hildako bat Gipuzkoan eta 74 artatu, azken hiru egunetako tenperatura altuen ondorioz
Agentziak | EITB Media
79 urteko gizonaren heriotza joan den asteazkenean gertatu zen, abuztuaren 9an, eta egun horretan izan zen artatu gehien: 58. Gipuzkoan izan dira gehienak: 38 pertsona; 29 Bizkaian eta 7 Araban.
79 urteko gizon bat hil da Gipuzkoan, eta 74 pertsona artatu behar izan dituzte Osakidetzako osasun-zentroetako larrialdi-zerbitzuetan, azken hiru egunetan izandako tenperatura altuen ondorioz.
Osasun Zerbitzuak gaur jakitera eman duenez, gizonaren heriotza joan den asteazkenean, abuztuak 9, gertatu zen. Egun horretan izan zen artatu gehien: 58. 40 gradutik gorako tenperaturak izan ziren Gipuzkoako barnealdeko hainbat tokitan.
Hain zuzen, Gipuzkoa izan da abuztuaren 8tik 10era osasun-laguntza behar izan duten pertsona gehien izan dituen lurraldea: 38 guztira; 29 Bizkaian eta 7 Araban.
Asteazkenean, hilak 9, tenperatura maximoak harrapatu eta barnealdean hiru orduz tenperatura altuengatik alerta gorria ezarri zen egunean, artatu gehien eman ziren eguna ere izan zen: 58.
Horietatik 27 Gipuzkoan artatu zituzten, eta horietako 18 ospitaleetara eta lau osasun-zentroetara eraman zituzten. Egun horretan bertan, 26 pertsona artatu zituzten Bizkaian; horietatik 12 ospitalera eraman zituzten, eta bi osasun-zentroetara. Araban, bost pertsona artatu zituzten, eta horietako lau ospitalera eraman zituzten.
Atzo, abuztuak 10, Gipuzkoan artatu zituzten pertsona gehien berriro: 11 pertsona, horietatik sei ospitalera eraman zituzten eta bi osasun-zentroetara. Bizkaian pertsona bakarra artatu zuten, eta Araban, berriz, inork ez zuen laguntzarik behar izan.
Hilaren 8an, asteartean, Osakidetzako Larrialdi Zerbitzuek bi pertsona artatu zituzten Araban eta beste bi Bizkaian; denak eraman zituzten ospitalera.