Bizkaia
Hiru gizon atxilotu dituzte Muskizko etxe huts batean lapurtzeagatik
Agentziak | EITB Media
21, 22 eta 25 urteko atxilotuak Barakaldoko Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarriko dituzte polizia eginbideak amaitu ondoren.
Ertzaintzak 21, 22 eta 25 urteko hiru gizon atxilotu ditu goizaldean Abanto-Zierbenan, inor bizi ez den etxe batean eta alboan dituen bi eranskinetan ustez lapurreta egin ondoren, Muskizko San Martin auzoan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, astelehen honetan, 04:00ak aldera, Ertzaintzari jakitera eman diote Muskizen furgoneta batean zeuden pertsona batzuen jarrera susmagarria zela, eta litekeena zela inguruko eraikinen batean lapurreta egin izana.
Lekura hurbildu diren Ertzaintzaren patruilek egiaztatu dute hiru eraikin indarrez irekita zeudela, etxe huts bat eta ondoan dituen bi eranskinak.
Agenteek inguruan bilatu dute ibilgailu susmagarria, eta, azkenean, Abanto-Zierbenako zerbitzugune baten parean geldiarazi dute.
Barruan zihoazen hiru pertsonak identifikatu ondoren, ertzainek ibilgailua miatu dute, eta egiaztatu dute barruan hainbat objektu zeudela, aipatutako higiezinetan lapurtutakoekin bat zetozenak, eta atxilotu egin dituzte.
Hiru atxilotuak Barakaldoko Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarriko dituzte polizia eginbideak amaitu ondoren.