ERASOA
Gaur eramango dute epailearen aurrera ostiralean Urruñan autobus-gidari bati eraso zion gizona
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gidaria ospitalean artatu behar izan zuten, eta salaketa jarri zuen larunbat goizean Donibane Lohizuneko polizia-etxean. Erasotzailea atxilotuta egon da asteburuan.
Baiona eta Hendaia arteko bidea egiten ari zen Txik Txak autobus sareko gidari bati eraso egin zion ostiralean gizon batek, 22:00ak aldera. Gidaria zaurituta eraman zuten ospitalera, eta erasotzailea atxilotu egin zuten. Gaur epaiketa azkarra egingo diote erasotzaileari.
Bidaiaria Urruñako geltokian igo zen, mozkortuta eta zerbait jaten. Gidariak autobusean jateari uzteko eskatuko zion, ez dagoelako baimenduta, eta gizonak iraindu egin zuen eta kosk egin zion, Sud Ouest hedabideak zabaldu duenez.
39 urteko gidaria ospitalera eraman behar izan zuten aurpegian eta belaunean egindako zauriak artatzera. Erasotzailea atxilotu eta polizia-etxera eraman zuten, eta han izango dute astelehenean epaiketa azkarra egin arte.
Aurretik ere salatu izan dituzte halakoak garraio publikoko gidariek. Eraso larriena 2020ko uztailean gertatu zen: Baionako autobus-gidari bati jipoia eman zioten hainbat gaztek, maskara janzteko eskatu zielako; handik gutxira, hil egin zen.