Gertakaria
90 urteko gizon bat hil da Mundakako hondartzan
Agentziak | EITB Media
Bermeoko bizilaguna zen. Hondartzan zeuden beste pertsona batzuek uretatik atera dute, baina ezin izan dute suspertu.
Bermeoko 90 urteko gizon bat hil da Mundakako hondartzan. Beste pertsona batzuek uretatik atera dute eta suspertzen saiatu dira, baina ez dute lortu, Segurtasun Sailak Europa Pressi esan dionez.
10:50ean gertatu da. Hasiera batean, Ertzaintzaren helikoptero bat bertatzekoa zen, gizona ospitalera eramateko, eta, hori dela eta, hondartza hustu dute.
Azkenean, baina, helikopteroa ez da lurreratu, gizona hilda zegoelako eta batzorde judizialari itxaron behar ziotelako heriotza egiaztatu eta gorpua altxatzeko. Ingurua itxi dute, eta 13:00ak aldera eraman dute gorpua ehorztetxera, batzorde judizialak beharrezko eginbideak amaitutakoan.