Itxi

denboralea

"Asteazkenera arte Vuelingek ez digu Mallorcatik Bilbora itzultzeko hegaldirik eskaintzen"

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Dozenaka euskaldun daude uhartean harrapatuta, etxera itzuli ezinik. Igandean izandako denboraleak gogor astindu du Mediterraneoa, eta Balear Uharteetako aireportuetara zihoazen hegaldi ugari bertan behera utzi edo desbideratu egin zituzten, tartean uhartea Bilborekin lotzen zuten bi hegaldi.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Igande honetan Mediterraneoa astindu duen denboraleak bereziki Balear Uharteetan izan du eragina; izan ere, haize-bolada bortitzek eta euriak kaosa eragin dute bertan. Hala, hainbat aireportutan hegaldiak bertan behera utzi zituzten atzo arratsaldean, besteak beste, Palmakoan (Mallorca).

Astelehen goizean egoera bere onera itzuli bada ere eta hegazkinak normal aireratu arren, atzo oporretatik itzuli behar zuten dozenaka euskal herritar harrapatuta daude Mallorcan, denboralearen ondorioz hegaldiak bertan behera geratu ostean, uhartea eta Bilbo lotzen zituzten bi hegaldiak barne.

"Lehen uneak kaosa izan ziren", aitortu dio Arantza Mentxaka 61 urteko algortarrak eitb.eus-i. "Bilbora itzultzeko gure hegaldia bertan behera geratu zen atzo, eta Vuelingek mezu bat bidali zigun email bidez esanez asteazkenera arte ezin garela etxera itzuli", azaldu du.

Igande arratsaldean, 19:00ak aldera, Palmako aireportuko zenbait hegaldi bertan behera geratu ziren, besteak beste, Vuelingek Loiura 22:00etan itzultzeko asmoa zuena, eta ehunka bidaiari uhartean harrapatuta geratu ziren, Arantza eta senarra tartean.

Bezero askok euren kexa adierazi zioten konpainiari, hegaldia bertan behera geratzeaz gainera, gaua pasatzeko hotel bat beren kabuz bilatu behar izan zutelako, horrek dakartzan gastuekin. Arantzak eta senarrak, ordea, gaua Palmako aireportuan igarotzea erabaki zuten, irtenbide baten bila, baina arrakastarik gabe.

Kasualitatez, beren hegaldi bera hartu behar zuen familia batekin egin zuten topo, eta gaua eurekin igaro dute. "Gutxienez ez gaude bakarrik", aitortu du algortarrak. Ondorengo bi egunak igarotzeko hotela ere elkarrekin hartu dutela adierazi du.

Hasierako haserrea gorabehera, "oporren ostean etxera lehenbailehen iritsi nahi dugu denok", gertatutakoa "ulergarria eta logikoa" dela iritzi dio, eta "lasai" dago, irailaren 4ra arte ez baitu lanera itzuli behar. Kontatu duenez, baina, jendea "oso etsita" zegoen, asko astelehen honetan zirelako lanera itzultzekoak.

Bideoak (1)