Itxi

Marea bizien ondorioak

Itzuli da argindarra Deba erdigunera, ia 24 ordu eta gero

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gudarien Plazan dagoen argindar-sorgailua urak harrapatu zuen atzo 18:00ak aldera eta argindarrik gabe geratu ziren erdigunean. Arazoa behin eta berriro gertatzen dela adierazi du alkateak eta konponbidea eskatu dio Iberdrolari.

Argindar-sorgailua dagoen tokia, Deban. EITBren bideo batetik hartutako irudia.

Atzoko 18:00etatik argindarrik gabe egon dira Debako herriguneko beheko partean, Gudarien Plazan dagoen generadorean ura sartu zelako marea bizien ondorioz. Ia 24 ordu eta gero, 17:00etarako gutxi falta zenean itzuli da argindarra herri guztira.

Alazne Txurruka Debako alkateak Euskadi Irratian azaldu duenez, lur azpian bost metrora dago Gudarien Plazako energia-sorgailua eta ondorioz, euri asko egin edo marea biziak daudenean ura sartzen da eta gelditu egiten da, argirik gabe utziz herriguneko bizilagunak, tabernak, dendak eta bestelako zerbitzuak. Atzo, 18:00ak aldera, ura sartu zen generadorean marea bizien ondorioz. Iberdrolako teknikariak bertaratu zirenean, ura kendu ezean ezin zutela ezer egin jakinarazi zuten eta gauean suhiltzaileek atera zuten bertatik ura. Gaur goizean itzuli dira teknikariak sorgailu berri batekin eta zaharra ordezkatuta, egoera normaltasunera itzultzeko lanean aritu dira egunean zehar.

Iberdrolatik adierazi dutenez, hasiera batean, 590 hornidura punturi eragin die arazoak. Arratsaldeko 13:15erako, hornikuntza berrezarri da kasuen erdietan, eta 280 bezero zeuden, gutxi gorabehera, oraindik argindarraren mozketen eraginpean. 17:00etarako gutxi falta zenean itzuli da normaltasuna, erabat.

Iberdrolako langilean beharrean, Deban. EITBren bideo batetik hartutako irudia.

Txurrukak adierazi duenez, aspaldikoa da arazoa eta behin eta berriro errepikatzen da. Behin betiko irtenbidea eskatu izan diote aurreko legegintzaldietan ere Iberdrolari baina arazoak bere horretan jarraitzen du. Horregatik, Iberdrolako arduradunekin egondo da alkatea astelehenean berriz ere.

Pasaian eta Zumaian ere arazoak

Marea biziek kostaldeko beste toki batzuetan ere sortu dituzte arazoak, Pasai Donibanen, esate baterako. Ura sartu zen atzo iluntzean hainbat lokal eta jatetxe baten.

Zumaian ere 18:22an izan zen arratsaldeko itsasgora, eta minutu batzuk lehenago Urola eta Narrondo ibaiek gainezka egin zuten Axular eta Julio Beobide ibilbideetako hainbat puntutan. Inguru horietako hainbat lokaletara sartu zen ura; besteak beste, Pulpo elkartera eta Marinelen San Telmo kofradiara.

Gaur ere adi daude inguru horietako bizilagunak.