Itxi

HEZKUNTZA LEGEA

Hizkuntza politika, segregazioa eta digitalizazioa izango dira EH Bilduren zuzenketen oinarriak

EITB Media

Leer en Castellano

Koalizio subiranistaren arabera, Hezkuntza Lege Proiektuak jasotzen dituen hainbat gaitan "sakondu" egin behar da: ikastetxeen eskubideak eta betebeharrak, sistemaren deszentralizazioa, politika linguistikoa, segregazioa eta digitalizazioa.

Pello Otxandiano (EH Bildu) artxiboko irudi batean. Argazkia: EH Bildu

Urriaren 3an amaituko da Euskal Autonomia Erkideko Hezkuntza Lege Proiektuari zuzenketak aurkezteko epea, eta gaur goizean azaldu ditu EH Bilduk zuzenketa horien inguruko nondik norakoak.

Pello Otxandiano EH Bilduren Programa zuzendariak gaur eguerdian Donostian eskaini duen prentsaurrekoan azaldu duenez, bost dira koalizioaren ustez sakondu behar diren gaiak: ikastetxeen betebeharrak, sistemaren deszentralizazioa, politika linguistikoa, segregazioa eta digitalizazioa. 

EH Bilduren iritziz, "funtsezko" bost galderari erantzun behar zaie.

Lehenik eta behin, koalizioaren arabera, legeak argitu behar du zer gertatuko den diru publika jasotzen duten ikastetxeek legea betetzen ez badute: "Zer gertatuko da eskubideekin betebeharrak betetzen ez badira?". Horren esanetan, jaiotze tasak behera egin duela-eta hezkuntza zentroen arteko "lehia" areagotu denez, legeak Euskal Hezkuntzaren Zerbitzu Publikoa erregulatu behar du.

Bigarrenik, sistemaren deszentralizazioa hezkuntza kalitatearen hobekuntza sistemikoaren eta ekitatearen mesedetan izango dela ziurtatzeko gobernantza mekanismoak falta direla azpimarratu du EH Bilduk. Zentzu horretan, legean zehaztasuna falta dela gaineratu du.

Hizkuntza politikari lotuta, galdera nagusi hau egiten du EH Bilduk: "Zein da bi hizkuntza ofizialetan B2 eta atzerriko hizkuntza batean B1 irteera profila eman dezakeen hizkuntza politika?". Ildo horretan, legean euskarri juridikoak definitu behar direla gehitu du.

Segregazioari dagokionez, eskola-segregazioaren kontrako herri-itun bat garatzeko borondaterik dagoen galdetu du: "Prest al gaude gure testuinguruan esperimentatu diren politika aurreratuenak geureratu eta esperimentazio espazio seguru bat sortzeko?". Halaber, lege-proiektuan egiturazko neurririk falta den planteatu du.

Azkenik, digitalizazioa aipatu du: "Digitalizazioa datorren moduan besarkatu behar al du hezkuntza sistemak?". EH Bilduren esanetan, gutxiegi hitz egin da horretaz.

Edozein kasutan, Otxandianok nabarmendu du Hezkuntza Lege Proiektua ez dela ezeren amaiera, Euskal Hezkuntzan fase berri bat irekiko duen prozesu baten hastapena baizik.

Aurretik aipatu bezala, urriaren 3an bukatuko da alderdi politikoek lege-proiektuari zuzenketak aurkezteko epea. Vox, PP+Cs eta Elkarrekin Podemos-IU alderdi eta koalizioek osoko zuzenketak aurreikusi dituzte, eta EAJ eta PSE-EE elkarrekin aurkezteko lanean ari dira.