Rubiales auzia
Jenni Hermosok salaketa aurkeztu du Rubialesen aurka
AGENTZIAK | EITB Media
Era berean, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak iragarri du kereila aurkeztuko duela "laster".
Jenni Hermoso futbolariak salaketa formala aurkeztu du Luis Rubiales RFEFko presidentearen aurka, Munduko Txapelketa irabazi eta gero baimenik gabe eman zion musua dela eta.
Fiskaltzatik azaldu dutenez, jokalariak atzo jarri zuen salaketa Estatuko Fiskaltza Nagusian, Marta Durantez Auzitegi Nazionaleko fiskalordearen aurrean.
Horren ostean, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak iragarri du laster kereila jarriko duela Rubialesen aurka.
Abuztuaren 28an, Ministerio Publikoak izapideak abiatu zituen Rubialesen musuagatik, sexu-erasoa izan zitekeelakoan, eta auzitara jotzea eskaini zion jokalariari.
Irene Montero jarduneko Berdintasun ministroak babesa agertu dio Hermosori, X sare sozialean (Twitter ohia) idatzitako mezu batean: "Jenni Hermoso, ez zaude bakarrik. Milioika gaude zurekin".
Victoria Rosell Genero Indarkeriaren aurkako Espainiako Gobernuaren ordezkaria ere mintzatu da sare sozial horretan: "Jokalariak eman du zigor legeak eskatzen zuen pausoa gertatutakoa ikertu eta epaitzeko. Orain, egoerak eskatzen duen mailan egon behar du Estatuak. Eta egon egongo da. Beharrezkoak diren legeak ditugu, eta Fiskaltzak konpromisoa agertu du berdintasunarekin eta indarkeria matxistaren aurka".