Gertakizuna Errioxan
Kartzelatu egin dute Haron nahita hainbat pertsona harrapatu zituen gazte bizkaitarra
AGENTZIAK | EITB Media
Hogeita sei urteko gizonari homizidio bat eta bost homizidio saiakera egotzi dizkiote.
Haroko (Errioxa) epaitegiak kartzelatu egin du astelehenean herriko osasun-etxean hainbat pertsona autoarekin nahita harrapatu ei zituen 26 urteko gizon bizkaitarra.
Hain zuzen ere, epaileak homizidio bat eta bost homizidio saiakera egotzi dizkio, epaitegietatik jakinarazi dutenez.
Dena astelehenean gertatu zen, 22:00etan. Ordu horretan, Basauriko gaztea Haroko osasun-etxera zihoan, gurasoekin batera, autoz, tratamendua jasotzeko. Bat-batean, baina, bizkortu egin zuen abiadura, eta sei pertsona harrapatu zituen, nahita, betiere Guardia Zibilaren esanetan.
Horren ondorioz, osasun-zentroko langile bat hil zen, eta bost pertsona ospitaleratu behar izan zituzten.
Une honetan, hipotesietako bat da gizonak buruko osasun arazoak dituela, ikerketako lehen datuen arabera.