Itxi

ESKOLA-GARRAIOA

"Hartutako jarrera berraztertzeko" eskatu die Bildarratzek eskola-garraioko enpresei

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, "aukera ezberdinak" aztertu, eta zuzenbideak eskaintzen dituen tresna guztiak erabiliko dituzte eskola-garraioa bermatuta egon dadin.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bizkaiko eta Arabako hainbat ikastetxe publikotan eskola-garraioko zerbitzurik gabe abiatu dute gaur 2023-2024 ikasturtea. Testuinguru horretan, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eskola-garraioko enpresei zuzendu zaie, eta eskatu die "hartutako jarrera berraztertzeko". Gainera, operadoreei ziurtatu dienez, orain Jaurlaritzak bermatu diena da "enpresek duten benetako kostua ordaintzea, enpresa-irabazien % 6 gehituta".

Eskola-garraioko hainbat enpresak Eusko Jaurlaritzaren aurrean planto egin dute, eta gaur ez dute zerbitzua eman Araban eta Bizkaian. Atzo konpainiek bilera egin zuten, eta erabaki zuten gaur helegiteak aurkeztuko dituztela Hezkuntza Sailak herenegun kaleratutako aginduaren aurka, hau da, joan den ikasturtean kudeatu zituzten ibilbideetan zerbitzua ematera behartzen dituen aginduaren kontra, aurten lizitatu gabe egon arren.

Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, "aukera ezberdinak" aztertu, eta zuzenbideak eskaintzen dituen tresna guztiak erabiliko dituzte eskola-garraioa bermatuta egon dadin, taxien aukera baztertu gabe. 

Bildarratzek familiei esan die garraioa funtsezko zerbitzu publikoa dela haurrak eskolara joan ahal izateko, eta Hezkuntza Sailak "erantzukizunez" kudeatu dituela baliabideak.

Iñigo Urkullu lehendakariak, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua lagun zuela, Leioako Txomin Aresti Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxea bisitatu du gaur goizean, ikasturte hasierarekin bat eginez, eta bertan egin ditu adierazpenak. Familiei barkamena eskatu ostean, Eusko Jaurlaritzak "ahalegin handia" egin duela azpimarratu du. Hori dela eta, beren jarrera berraztertzeko eskatu die zerbitzua eskaintzen duten enpresei.

Albisteak (2)

Bideoak (1)