Itxi

Rubiales auzia

Fiskaltzak kereila jarri du Rubialesen aurka, sexu erasoa eta Jenni Hermosoren aurkako hertsapena egotzita

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Ministerio Publikoaren arabera, bere jokabidea ez zen baimendua, eta, beraz, sexu eraso delitua eta hertsapen delotua ekar ditzake, futbolariak gertakaria justifikatzeko jasan zuen presioa dela eta.

Luis Rubiales, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Fiskaltzak kereila aurkeztu du Auzitegi Nazionalean Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente kargugabetuaren aurka, Jenni Hermoso jokalariari Sydneyko Munduko Txapelketako finalaren ostean eman zion musuaren harira sexu erasoa eta hertsapena egotzita.

Ministerio Publikoak adierazi duenez, bere jokabidea ez zen baimendua izan, eta, beraz, sexu eraso delitua eta hertsapen delitua ekar ditzake, futbolariak gertakaria justifikatzeko jasan zuen presioagatik. Hori dela eta, Auzitegiari eskatu dio EFFAko zuzendari kargugabetuaren aurkako auzi bat irekitzeko.

Fiskaltzak ohar baten bidez adierazi duenez, Rubialesen aurkako ekintza legalak hartu ditu, jokalariak agerraldia egin baitzuen joan den asteartean salaketa formalizatzeko eta gertakariak haren baimenik gabe gertatu zirela berresteko.

Agerraldi horretan, Hermosok kontatu zuen Rubialesek eta bere ingurune profesionalak etengabe presionatu zutela, bere nagusiak bi eskuekin burua heltzen zion bitartean emandako musua jendaurrean onar zezan, Munduko Futbol Txapelketako garaikurren banaketa ekitaldian, abuztuaren 20an.

Marta Durantez Auzitegi Nazionaleko fiskalordeak bere kereilan azaldu duenez, Hermosok "jazarpen egoera jasan zuen, bizitza baketsu, lasai eta aske bat garatzeko aukera eragotzita", eta Rubialesen hertsapen-delitua izan zitekeen.

Eginbideen artean daude Luis Rubiales aipatutako delituengatik ikertu gisa deklaratzea eta Jenni Hermoso biktima gisa deklaratzea.

Fiskaltzaren urrats horren ondoren, kereilaren ardura duen Auzitegi Nazionaleko epaitegiak erabaki beharko du Rubialesen aurkako prozedura penala ireki ala ez.

FIFAk aldi baterako kendu dio Rubialesi presidente kargua, Munduko Txapelketako finalean izan zuen portaera ikertzen ari dela. Espainiako selekzioaren garaipena ospatzean, genitalak ere ukitu zituen palkoan.