Itxi

Ukrainako gerra

Kataluniako kooperante bat hil dute Ukrainan, Errusiak haren konboiari egindako erasoan

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Hori izango litzateke Espainiako Estatuko lehen biktima Ukrainako gerran.

Emma Igualen artxiboko irudia.

Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako jarduneko ministroak baieztatu duenez, Emma Igual kataluniarra, Road to Relief GKEko zuzendaria, hil egin da Errusiak haren konboiari egindako erasoan, Ukrainan.

New Delhin, G20aren goi-bileran, komunikabideei egindako adierazpenetan, Albaresek zehaztu du Espainiako Gobernuak "hitzezko baieztapena" jaso duela heriotza horren inguruan, eta horren ibilgailuaren gainera jaurtigai bat erorita hil dela jakinarazi diote, baina "Ukrainako agintarien baieztapen ziurtatuaren zain" omen daude.

Kooperanteak lan egiten zuen GKEak Instagram bidez jakinarazi duenez, larunbat goizean errusiarren erasoa jaso zuen bere taldeko lau kide zeramatzan ibilgailuak, Sloviansk eta Bakhmut artean, Ivanivske hiriko su gurutzatuan harrapatuta zeuden zibilen beharrak ebaluatzera zihoazenean.

Hauek zihoazen autoan: Ruben Mawick mediku alemaniarra, Johan Mathias Thyr boluntario suediarra, Anthony 'Tonko' Ihnat kanadarra (hau ere hil da) eta Emma Igual boluntario kataluniarra.

Emma Road to Relief erakundearen zuzendari eta sortzaileetako bat zen. Gobernuz kanpoko erakunde hori 2022tik dago Ukrainan, frontetik zibilak ateratzen, eta laguntza humanitarioa ematen du gerrak gehien kaltetutako eremuetan. Donetsk eta Kherson inguruan egiten dute lan. 1.200 pertsona ebakuatzea lortu dute, horietatik 500 haurrak.

Hori izango litzateke Espainiako Estatuko lehen biktima Ukrainako gerran.

Margarita Robles Espainiako jarduneko Defentsa ministroak "maitasun, babes eta elkartasun guztia" helarazi dio igande honetan Henri Camenen Road to Relief gobernuz kanpoko erakundearen beste sortzaileari, eta "lankide gazte honen familiari dolumina eta maitasuna" helarazteko eskatu dio.

Ministroak "miresmena" adierazi dio "bakearen aldeko konpromisoagatik eta gerraren krudelkeria pairatzen ari diren ukrainarrei ematen dieten laguntzagatik".