Itxi

Nafarroa

Kazkabar ekaitzak kalte material ugari eragin ditu Erriberan

Olatz Prat | EITB Media

Leer en Castellano

Goizalde honetan, Fitero, Corella eta Cintruenigo inguruan eroritako txingorkadak, ur eta harri pilaketa handiak eragin ditu herri horietako kaleetan. Gaur kalteak zenbatzeko eguna da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Fitero, Cintruenigo eta Corellako kaleak ur eta izotz ibai bihurtu dira bart goizaldean. 02:45ak ziren ur eta txingor ekaitz bortitz batek herritar guztiak ustekabean harrapatu dituenean.

Burrunbadak asaldatuta esnatu dira lotan zirenak, eta Fiteron eta Cintruenigon herriko jaiez gozatzen ari zirenak, ez dute izan, dantzari une batez utzi, eta "ikuskizun" meteorologikoari so geratu beste erremediorik.

Ordu laurden eskasean, metatzen zihoan euri-urak eta zerutik erortzen ari zen harriak kalte pertsonal eta material ugari eragin dituzte, baina, batez ere, beldurra. "Teilatua gainera zetorkigula uste nuen", kontatu dio EITB Mediari Fiteron ekaitza etxetik bizi izan duen emakume batek.

Gaur, kalteak zenbatzeko eguna da inguruotan. Kalteak ez dira, oro har, larriak izan baina bi, edonola ere, ugariak. Txingor-harriek autoen beirak, teilatuak, argizuloak, leihoak, erretenak eta pertsianak apurtu dituzte.

Pertsiana bat, kazkabarrak zulatuta. EITB Media.

Gainera, ura etxebizitza eta etxabeetan sartu da, eta suhiltzaileek eta Foruzaingoak esku hartu behar izan dute.

Halaber, hainbat pertsonak zauriak izan dituzte, bai txingorraren kolpeen ondorioz, bai irristaden eta erorikoen ondorioz, lurzoruaren egoeraren ondorioz eta osasun etxeetako larrialdietan artatu behar izan dituzte. 

Hala ere, kalterik nabarmenenak, beste behin, landa lur eta uztetan: batez ere fruta-arboletan eta olibondoetan, kaltetuek diotenez, "dena galdu da".

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, goizaldean, Tuterako eta Lodosako suhiltzaileek eta Foruzaingoak hainbat esku-hartze egin behar izan dituzte inguruko hainbat kale eta errepidetan, hala nola Lodosan edo Lizarran, luiziak izan direlako edo putzuak sortu direlako horietan.

Kazkabarrak kalteak eragin dituen herrietako udalak bildu dira dagoeneko eta ingurua hondamendi eremu izendatzea eskatzea baloratzen ari dira. 

Bideoak (1)