EGURALDIA
Bilboko Aireportuko zazpi hegaldi beste aireportu batzuetara bideratu behar izan zituzten atzo ekaitza tarteko
EITB Media
Gautegiz Arteagako estazioan (Busturialdea) metro koadroko 23,7 litro pilatu ziren 30 minutu eskasetan. Euskal Herria osoa abisu horian izango da gaur berriro, euriteengatik.
Atzo iluntzean Bizkaia mendebaldean izandako euri eta ekaitz elektrikoaren ondorioz, Bilboko Aireportuko zazpi hegaldi beste aireportu batzuetara bideratu behar izan zituzten, AENAko iturriek EITB Mediari jakinarazi diotenez. Gaur, astelehenarekin, ez dago arazorik, eta ohiko zerbitzua ari dira eskaintzen Loiuko aireportuan.
Zehazki, Palma, Porto, Sevilla, Londres, Menorca, Praga eta Paris helmuga edo abiapuntu zuten zazpi hegaldiri eragin zien: hiru Bartzelonara bideratu zituzten, bi Santanderrera, bat Biarritzera eta zazpigarrena Lourdesera.
Euria gogotik egin zuen, eta hainbat estazio meteorologikotan litro asko pilatu ziren. Gautegiz Arteagan (Busturialdea), ordu erdi eskasean 23,7 litro pilatu ziren metro koadroko, Euskalmetek emandako datuen arabera.
En Arteaga se han registrado 23,7 mm en media hora.
— Euskalmet (@Euskalmet) September 10, 2023
Artega estazioan 30 minutuan 23,7 mm jaso dira.
19:00etan zaparrada handiak bota zituen Enkarterrin, eta metro koadroko 15,6 litro ur pilatu ziren Zallako estazioan ordubetean. Galindokoan, berriz, 15,9 bildu zituzten.
Suhiltzaileak lanez lepo, ur putzu eta tximistek eragindako kalteen ondorioz
20:20 aldera, Enkarterriko ekaitza Bilbo Handira zihoala ohartarazi zuen Euskalmetek, eta hala izan zen. 20:30 eta 21:00 bitartean, euri-jasa handiak izan ziren Bilbon eta inguruetan, eta ur-putzu handiak eragin zituzten. Suhiltzaileek esku hartu behar izan zuten zenbait errepidetan.
Peticion ayuda, vehículos en balsas de agua con personas en interior, en #Trapaga y #Portugalete
— Bomberos y Bomberas Bizkaia (@BomberosBizkaia) September 10, 2023
Ur putzuetan geratu diiten kotxeak laguntzeko #Suhiltzaileak bidean
Leioan ere lanean aritu ziren ura sartu zen lokaletatik ateratzen, eta Portugaleten, berriz, tximista bat erori zen gasolina zerbitzugune batean.
Euria ekaitz elektriko gogor batekin iritsi zen. Bilbon argia joan zen hainbat eraikinetan, EITBkoan barne, hainbat minutuz, eta zerua luzaroan argiztatu zuten tximistek.
Bilbon, ekaitza. pic.twitter.com/xzzkj9EPGU
— Goizalde Landabaso-Etcheverry ¿ (@GoizaldeL) September 10, 2023
Algortan (Getxo), esaterako, honako irudiak grabatu zituzten:
Abisu horian berriro euriagatik
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du berriro (15:00etatik 21:00etara) prezipitazio handiak izan daitezkeelako; izan ere, 15 litro bota ditzake metro koadroko. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak bota ditzake, eta baliteke zenbait tokitan handiak izatea. Ekaitz guneetan, haize-boladak gogorrak edo oso gogorrak izan litezke (60-80 km/h ingurukoak). Baliteke txingorra botatzea (2-3 cm).
Nafarroan, Aemetek abisu horia ezarri du prezipitazioengatik eta ekaintzengatik, 14:00etatik gauerdira arte. Kazkabarra (15 litro metro koadroko) eta haize-bolada gogorrak espero dira hor ere.
Ipar Euskal Herria ere abisupean egongo da arratsaldean.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eitb.eus-en, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.