Zibersegurtasuna
Ziberdelituek % 31 gora egin dute EAEn 2023ko lehenengo seihilekoan, eta gehienak iruzurrak izan dira
EITB Media
Guztira, 12.878 ziberdelitu jazo dira, horietako % 89 iruzurrak. Bestalde, ziberasoak % 144 hazi dira, ziberdelitu sexualak % 71, faltsifikazioak % 9, mehatxuak eta jazarpenak % 8 eta sekretuak argitara ematea % 2.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskadin salatzen diren lau delitutatik bat teknologia berrien bidez egiten da. Denbora horretan, zehazki, 12.878 ziberdelitu erregistratu dira, iazko aldi berean baino % 31 gehiago. Horietako gehien-gehienak, orain arte bezala, ziberiruzurrak izan dira, eta ziberdelitu guztien % 89 dira.
Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua buru dela, eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Industria eta Ingurumeneko sailburua ere bertan dela, egin dute gaur goizean Cyberzaintza, Euskadiko Zibersegurtasun Agentzia berria, sortzeko bilera. Batzarra 2023ko lehenengo seihilekoko datuen azterketarekin amaitu da.
Esan bezala, ziberdelituen sailkapenaren buruan ziberiruzurrak daude. Aurtengo lehenengo seihilekoan 11.508 ziberiruzur izan dira, iaz baino % 30,5 gehiago.
Ziberfaltsifikazioei dagokionez, 505 antzeman dituzte, 2022ko lehenengo seihilekoan baino % 9 gehiago.
Zerrendan hurrengoak zibermehatxuak eta ziberjazarpenak dira. Horrela, 390 salatu dituzte, iaz baino % 8 gehiago.
Teknologia berrien bidez sekretuak argitara eta jakitera emateagatik 89 salaketa aurkeztu dira, 2022ko lehenengo seihilekoan baino % 2 gehiago.
Bestalde, Internet bidezko delitu sexualak eta eta erasoak kopuruan gutxi izan badira ere, portzentajean hazkunde handienak izan dituzte iazko epe berdinarekin alderatuta. Horrela, 44 zibereraso izan dira, iaz baino % 144 gehiago. Azkenik, 36 ziberdelitu sexual jazo dira, % 71 gehiago.