Itxi

Rubiales auzia

Fiskaltzak urruntze agindua eskatu du Rubialesen aurka

Agentziak | EITB Media

RFEFko presidente ohiak epailearen aurrean ukatu du Jenni Hermosori musua baimenik gabe eman izana eta hertsapena erabili izana.

Rubiales, ostiral honetan, deklaratu ostean. Argazkia: EFE

Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko (RFEF) presidente ohiak Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean ukatu egin du Sidneyn (Australia) Munduko Txapelketako sari banaketan Jenni Hermoso Espainiako selekzioko jokalariari eman zion musuan koakzioak eta baimenik eza izan zirenik.

Fiskaltzako iturriek Europa Press agentziari baieztatu diotenez, Rubialesek alde guztien galderei erantzun die, ikertu gisa deklaratzeko erabili dituen 45 minutuetan zehar. Fiskaltzak, bestalde, Hermosorengandik 500 metro baino gutxiagora hurbiltzea eta harekin harremanetan jartzea debekatzeko eskatu du.

Gainera, Ministerio Publikoak 1 zenbakiko Instrukzioko Epaitegi Zentraleko titularrari eskatu dio Rubiales hamabost egunean behin agertu dadila gertuen duen epaitegian.

Rubiales Olga Tubau abokatuarekin batera iritsi da astelehen honetan auzitegira, oinez, eta korridorean barrena joan dira sarreraraino, ehun kazetari inguru zain zituztela. Hala ere, uko egin dio komunikabideen galderei erantzuteari.

Albisteak (1)