RUBIALES AUZIA
Hermosorengandik 200 metroko urruntze agindua ezarri dio epaileak Rubialesi
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Futbol jokalariarekin komunikatzeko debekua ere ezarri diote Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiari. Aitzitik, hamabostero epaitegian aurkezteko Fiskaltzak egindako eskaria atzera bota du epaileak.
Jenni Hermoso futbol jokalariarengandik 200 metro urruntzeko agindua eta harekin komunikatzeko debekua ezarri dizkio Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiari Francisco de Jorge Auzitegi Nazionaleko epaileak, Munduko Futbol Txapelketa irabazi ostean baimenik gabe eman zion musua dela eta.
Hala, Fiskaltzaren eta akusazio partikularren eskariak neurri batean hartu ditu kontuan epaileak. Sexu erasoa eta derrigortze delitua egotzita ari dira Rubiales ikertzen.
Federazioko presidente kargua utziko zuela iragarri eta bost egunera deklaratu du Auzitegi Nazionalean Rubialesek, ikertu gisa. Fiskaltzak 500 metroko urruntze agindua eskatu badu ere, azkenean, 200ekoa ezarri diote.
Bestalde, De Jorgek ez dio ezarri ikertuari hamabostero epaitegian aurkezteko betebeharra, Ministerio Publikoak eskatu bezala. Halaber, Hermosoren abokatuak Rubialesen ondasunak behin behinean enbargatzeko eskaria ere atzera bota du.
Ordubete eskas iraun duen deklarazioan, tinko eutsi dio bere bertsioari Rubialesek eta futbolariari eman zion musua baimendutakoa izan zela berretsi du. Era berean, ukatu egin du Hermoso zein haren ingurukoak presionatu zituenik musua baimendutakoa izan zela esan zezaten.
Epailearen eta bi aldeen abokatuen galdera guztiei erantzun die, une oro bere errugabetasuna defendatuz eta Fiskaltzaren akusazio guztiak ukatuz.
Carla Vall, munduko txapeldunaren abokatuak, bere aldetik, beste behin argi eta garbi azaldu du musua ez zela baimendutakoa izan. "Mundu guztiak ikusi zituen irudiak. Horri esker, eta baita gizarteak zein legediak izan duten aldaketari esker, Rubialesek egindakoa baimenik gabekoa izan zela esan dezakegu", azpimarratu du, Auzitegi Nazionalaren atarian zeuden dozenaka hedabideen aurrean.