Itxi

EUROPAR BATASUNA

Espainia prest agertu da EBn euskara, katalana eta galegoa ofizial egitearen kostuak bere gain hartzeko

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Europar Batasuneko estatu kideek datorren astean egingo duten EBko Gai Orokorren Kontseiluan azalduko ditu azken proposamen honen xehetasunak Espainiako Gobernuak. Ordezkari guztiek aho batez onartuz gero bakarrik atera daiteke aurrera.

Europako Parlamentuaren artxiboko irudi bat. Argazkia: EFE

Espainiako Gobernua prest agertu da Europar Batasunean euskara, katalana eta galegoa ofizial egiteak eragingo lituzkeen kostuak bere gain hartzeko. Datorren asteartean bilduko da EBko Gai Orokorren Kontseilua eta han landuko dute gai hau. Gaur, batzar hori prestatzeko bildu dira estatu kideak eta ordezkari espainiarrek euren proposamena bertan aurreratu dute.

Iturri ofizialek baieztatu dutenez, gutxienez hamalau estatu kidek zalantzak agertu dituzte hiru hizkuntzok Europar Batasunean ofizial egitearen inguruan, tartean, Suediak eta Finlandiak. Bi herrialde horiek publikoki adierazi dute gaiak eragiten dien kezka, bereziki, arlo ekonomikoan, eta zerbitzu juridikoei txostena eskatu diete, proposamena bideragarria den ziurtatzeko.

Helsinkiko Gobernuak, bere aldetik, ohar batean adierazi du euskara, katalana eta galegoa ofizial egiteak kostu ekonomikoa handitzea ez ezik, lan-karga administratiboa areagotzea ere ekarriko lukeela, eta erakundearen jarduna "moteldu". Hori guztia aztertzea eskatu du.

Ildo beretik, Suediako Gobernuak uste du halako neurri batek izango lituzkeen ondorioen inguruko azterketa beharrezkoa dela ezer erabaki aurretik.

Junts per Catalunya eta Esquerra Republicana alderdi katalanek hizkuntza koofizialei buruzko akordioa itxi zuten abuztuan PSOErekin eta Sumar mugimenduarekin, Francina Armergol Diputatuen Kongresuko presidente izatea ahalbidetzeko. Trukean, besteak beste, Espainiako Gobernuak Europar Batasunari euskara, katalana eta galegoa hizkuntza ofizial gisa onar ditzala eskatzea adostu zuten. Eta horretan aritu da Espainiako Gobernua azken asteotan, estatu kideen babesaren bila.

Gaurko batzarraren ondotik, ordezkari espainiarrek onartu dute "txosten juridikoak" eskatu dituztela hainbat kidek, baina "ezezko borobilik" inork ez duela eman azaldu dute.