Segurtasun dispositiboa
Donostiara 200 'tifosi' helduko direla eta, segurtasun neurriak indartuko dituzte Ertzaintzak eta Udalak
EITB Media
Realak eta Inter Milanek gauean duten partidaren aurrean, eta Ertzaintzak eskatuta, terrazak kentzea iradoki diete estadiotik gertu dauden tabernei. Martxoan, Romaren aurkako partidan, izandako istilu larriak saihestu nahi dira.
Eusko Jaurlaritzak segurtasun dispositiboa jarriko du martxan gaur Realaren eta Inter Milanen arteko Txapeldunen Ligako partida dela eta. Kasu hauetan "ohikoa" dena, zehaztu du Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak Radio Vitorian eskaini duen elkarrizketa batean.
Europako norgehiagoketan ohikoa den gisan, ertzainek Euskadira etorritako Italiako Poliziaren talde txiki baten kolaborazioa izango dute. "Ertzaintza ari da horretan lanean. Izan ere, kasu hauetan irtenbide onena aurrea hartzea da", esan du Erkorekak.
Italiako 800 bat jarraitzaile espero dira partidan (21:00etan, Reale Arena), horietatik 200 bat 'tifosi'ak. Martxoan, Reala-Roma partidaren aurretik, Gipuzkoako hiriburuan izandako istilu larriak saihestu nahi dira. Izan ere, hainbat pertsonak aulkiak eta hiri-altzariak jaurti zituzten. Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu zituen.
Hartutako segurtasun neurrien artean, eta Ertzaintzak eskatuta, Donostiako Udalak Reale Arenaren inguruan dauden hainbat tabernari terrazak kentzea iradoki die (16:00etatik aurrera). Horrez gain, edukiontziak lurrera lotuko dituzte. Aurreko esperientzietan "oinarritutako eta ondo arrazoitutako neurriak dira", Erkorekaren hitzetan.
Ertzaintzaren sindikatuekin bilera, "asteon"
Beste gai batzuen inguruan ere galdetu diote elkarrizketan. Ertzaintzaren sindikatuekin hartu-emanak nola dauden galdetuta, Erkorekak iragarri du "asteon" bertan bilduko dela zentralekin, eurek eskatutako batzarrari erantzunda. Sindikatuek hitzordua eskatu zioten Erkorekari, "kalean ertzaintzei errespetua galdu omen zaiela eta agenteen kontrako delituak ugaritu omen direla-eta" eman beharreko erantzuna aztertzeko. Bileran lan baldintzak hizpide hartzea ez du baztertu Erkorekak, baina dena delako aldarrikapenek hiru printzipio bete behar dituztela ohartarazi du: "Errealismoa, erantzukizuna eta legaltasuna".