Inklusioa
EAEko biztanleriaren % 6,3 bizi da desgaitasun egoeran
E. G. | EITB Media
Profil nagusia % 65etik beherako desgaitasuna duen gizon nagusiarena da. Jaurlaritzak kolektibo horren diagnosia egin du bizimodu independentearen eredua bultzatzeko. Jasotako datuen arabera, pertsona horien langabezia tasa % 16,5ekoa, tasa orokorraren ia halako bi.
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 77.000 gizon eta 61.000 emakume bizi dira desgaitasun egoeran, hots, biztanleriaren % 6,3, gaur Eusko Jaurlaritzak ezagutzera emandako datuen arabera. % 65etik beherako ezgaitasuna duen gizon nagusiarena da —65 urte baino gehiago—da talde honetan nagusi den profila.
Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburuak jakinarazi ditu kopuruok, "Euskadin desgaitasuna duten pertsonentzako bizimodu independentearen eredurantz" jardunaldian. Jardunaldian kolektibo horren diagnostiko bat aurkeztu dute. Dokumentu hori Euskadiko hirugarren sektoreko erakundeetako, foru aldundietako eta Nafarroako Gobernuko beste sail batzuetako ordezkariek egin dute, 2021-2022 epean.
Diagnosi horren arabera, desgaitasuna duten 10 pertsonatik 6k desgaitasun ertain-txikia (% 65etik beherakoa) dute, eta heren batek % 65etik gorakoa du. Gainera, adinez nagusiak dira gehiengo (% 4 baino ez dira adingabeak). Halaber, txostenean talde horren lan egoerari buruzko datu kezkagarria jaso dute: langabezia tasa % 16,5ekoa da, tasa orokorra halako ia bi.
Desgaitasuna duten pertsonak, adinaren arabera banatuta. Grafikoa: Ikusmirak.
Sailburuak azpimarratu du beharrezkoa dela "pertsona horientzako bizimodu independentearen ereduaren oinarriak finkatzen jarraitzea, azpiegiturak, garraio sistemak, zerbitzu publikoak eta pribatuak eta jarrera sozialak birformulatuta, inklusiboak izan daitezen".
Melgosak aldarrikatu duenez, pertsona guztiek "duintasunez eta autonomiaz bizitzeko eta gure gizartearen parte aktiboa izateko" eskubidea dute, "familia zaintzaileek ere beren bizitza aurrera eramateko eskubidea dutela" gogorarazita. Egoera hori "bereziki emakumeei, gure gizarteko zaintzaile handiei" dagokien egoera da.