Itxi

NAFARROA

Gizon bat ikerketapean jarri dute Cintruenigon, osasun baldintzak betetzen ez dituen oliba olioa saltzeagatik

EITB Media

Leer en Castellano

Ikertutakoak oliba-olio birjina saltzen zuen oliba-olio birjina estraren izenean, etiketarik gabe, eta osasun baldintza "eskasetan" Cintruenigoko lokal batean.

Oliba olioa. Argazkia: Guardia Zibila

Nafarroako Guardia Zibilak 44 urteko gizon bat ikertu du oliba-olio birjina estraren izenean oliba-olio birjina saltzeagatik, etiketarik gabe, eta osasun baldintza "egokiak" bete gabe.

Guardia Zibilak ohar batean jakinarazi duenez, Naturaren Babeserako Zerbitzuko agenteek ikerketa abiatu zuten pertsona batek salaketa aurkeztu ondoren. Salaketaren arabera, Cintruenigoko lokal batean ustez oliba-olio birjina estra saltzen zuten, etiketarik gabe, higiene eta osasun baldintza "eskasetan"

Agenteek saltokian zeuden ontzi guztiak kontatu eta olio laginak hartu zituzten. Guztira, 5 eta 25 litroko 1.048 ontzi zenbatu zituzten, beteak eta hutsak.

Ikerketari esker agenteek egiaztatu zutenez, jabeak ontziak eskuz garbitzen zituen harraska batean ondoren berrerabiltzeko.

Establezimenduko beste toki batean, itxi gabe zegoen olio gordailu bat aurkitu zuten eta bertara zikinkeria edota intsektuak sar zitezkeela egiaztatu zuten.

Laginak aztertuta ondorioztatu zuten oliba-olio birjina zela, ez oliba-olio birjina estra, eta ez zuela Nafarroako Jatorri Izendapena.

Hori dela eta, osasun publikoaren kontrako delitua eta industria-jabetzari buruzko delituak leporatu dizkiote.