Itxi

osasuna

Urriaren 16an abiatuko dute Nafarroan gripearen eta covid-19aren aurkako txertaketa, 60 urtetik gorakoekin

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Berrikuntza gisa, 6 hilabete eta 5 urte arteko umeei emango diete aurten gripearen kontrako txertoa. Bi urtetik gorakoei sudurretik emango diete dosia.

Osasunbidearen erizain bat, txertoa prestatzen. Argazkia: Nafarroako Gobernua

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak urriaren 16an abiatu du gripearen eta covid-19aren kontrako txertaketa-kanpaina. 60 urtetik gorakoak (160.000 pertsona inguru) eta gaixo zaurgarriak (7.500etik gora) izan dira dosia jasotzen lehenak. Osasun langileek eta arlo soziosanitarioan lanean daudenek hilaren 23tik aurrera jasoko dute txertoa. 

Taldeontzat ez ezik, beste hauentzat ere da gomendagarria biak batera hartzea: haurdunak, adineko zentroetako egoiliarrak edota desgaitasunen bat duten pertsonentzako zentroetan daudenak. Erretzaileei gripearen aurkako txertoa jartzeko gomendatu diete, baita nekazaritza-ustiategietan lan egiten dutenei ere. 

Koronabirusaren kontrako prestakina hartzeko azken dositik edo azken kutsatzetik hiru hilabete igaro beharko dira. Inokulatuko diren dosiak RNA mezulari motakoak dira eta XBB azpi-aldaeren arabera prestatutakoak, hots, gaur egun dabilen birusaren kontra eraginkorrak. 

Lehen aldiz, gripearen kontrako txertaketa sei hilabeteko haurtxoekin hasi, eta 5 urterainoko haurrei emango zaie. 24 hilabetetik aurrera, dosia sudurretik emango diete. 

80 urte baino gehiagoko adinekoek urriaren hasieran jasoko dute hitzordua hartzeko SMS mezua, eta, ondoren, adinaren hurrenkeran bidaliko dute. Zita Internet bidez har daiteke (citasalud.navarra.es webgunean), telefono bidez (948 370 130 zenbakian, Iruñean eta Lizarran, eta 948 370 140 zenbakian, Tuteran), edota osasun zentroan bertan. 

Osasun Departamentuak gogorarazi duenez, gaixotzen diren egoki txertatutako pertsonak % 80ko probabilitate gutxiago dute erietxean bukatzeko. Dena dela, bestelako babes-neurriak hartzeko dei egin diete pertsona zaurgarriei; maskara erabiltzeko edo eskuak sarri garbitzeko, besteak beste.

Albisteak (1)