Migrazio krisia
Aita Santuak immigrazioa arduraz arautzea eskatu du: "Itsasoan bizia arriskatzen duenak ez du inbaditzen"
Agentziak | EITB Media
Europako agintariei aurpegiratu die Mediterraneoa zeharkatuz kontinentera iristen saiatzen diren migratzaileekiko jarrera.
50.000 pertsona inguruk bete dute gaur arratsaldean Marseillako estadioa, Frantzisko Aita Santuak zuzendutako mezan parte hartzeko. 24 ordu pasatxoko bisita izan da Frantzia hegoaldeko hiri horretara, eta bertan Europako agintariek Mediterraneoa zeharkatuz kontinentera iristen saiatzen diren migratzaileekiko duten jarrera aurpegiratu du.
Aita Santuak Europan migratzaileen bidezko harrera egitearen alde egin du, pertsona horiek legezko bideetatik sartzea erraztuz, eta immigrazioaren errealitateari buruzko propaganda alarmista arbuiatu du.
"Inbasio eta larrialdi hitzek jendearen beldurrak elikatzen dituzte eta portuak itxi egiten dira, baina itsasoan bizitza arriskatzen duenak ez du inbaditzen, harrera bila ari da, bizitza bila ari da", esan du Aita Santuak.
'Topaketa Mediterraneoen' amaierako ekitaldian, Aita Santuak erantzukizuna eskatu dio Europari, eta migrazioaren dramaren aurrean axolagabekerian ez murgiltzeko eskatu du. "Gurekin babesten direnak ez dira jasan beharreko zama gisa ikusi behar, dohaintzat baizik", azpimarratu du.