RUBIALES AUZIA
Hermosoren nebak eta lagun batek berretsi dute jokalariak presioak jaso zituela musua justifikatzeko
AGENTZIAK | EITB Media
Bi perituk ere deklaratu dute gaur Auzitegi Nazionalean, eta horiek Rubialesek bere jokabidea justifikatzeko aurkeztu zuen txostena berretsi dute.
Jenni Hermoso futbol jokalariaren nebak eta lagun batek deklaratu dute gaur lekuko gisa Auzitegi Nazionaleko Francisco de Jorge epailearen aurrean, Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiak jokalariari Munduko Txapelketa irabazi berritan baimenik gabe emandako musua ikertzeko zabaldutako auzian. Sexu-eraso eta derrigortze delituak leporatzen dizkiote azken horri.
Bi lekukoek goitik behera berretsi dute Hermosok Rubialesen kontrako salaketa jarri zuenean egindako deklarazioa. Hau da, ziurtatu dute musua ez zela baimendutakoa izan eta Rubialesen gertukoek jokalaria presionatu zutela publikoki beste bertsio bat eman zezan.
Bi perituk ere deklaratu dute gaur Auzitegi Nazionalean, eta Rubialesek bere jokabidea justifikatzeko aurkeztu zuen txostena berretsi dute. Gorputz adierazpenean aditu diren peritu horiek musuaren unean Rubialesek eta Hermosok elkarri esandakoak eta horien gorputzen jarrerak adierazten zutena aztertu dituzte.
Ostegunean jarraituko dute deklarazioek. Futbol Federazioko hainbat goi-kargudun daude deituta egun horretarako. Bestalde, Alexia Putellas, Irene Paredes eta Misa Rodriguez jokalariei urriaren 2an hartuko die epaileak deklarazioa bideokonferentzia bidez.