Golardoa
Presoak birgizarteratzearen alde egiten duen Arrats elkarteak jasoko du Gomez Elosegui saria
EITB Media
Sariak espetxeetako jardunbide egokien alde nabarmentzen diren pertsonak eta/edo erakundeak nabarmentzen ditu. Jaurlaritzak espetxe politikaren eskumena jaso eta urtebetera emango du. Tabakaleran egingo dute sari banaketa, urriaren 2an.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Arrats elkarteak jasoko du aurten Francisco Javier Gomez Elosegui saria, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak ohar bidez jakinarazi duenez. Arrats 1999an sortu zuten Gipuzkoan lurralde horretako kartzelako preso ohiek, eta ordutik preso daudenak birgizarteratzen jarduten du.
Golardoak espetxeetako jardunbide egokien alde nabarmentzen diren pertsonak eta/edo erakundeak nabarmentzen ditu duela lau urtetik. Kriminologiaren Euskal Institutuak (EEI) bultzatu zuen saria, ETAk 1997ko martxoaren 11n hil zuen Francisco Javier Gomez Elosegui lankidearen oroimenez. Jaurlaritzak duela urtebete hartu zuen Espetxeen eskumena, eta Justizia Sailburuordetzak izango du aurrerantzean sari hori emateko ardura.
Iñigo Urkullu lehendakariak berak emango du saria, urriaren 2an Donostiako Tabakaleran egingo den ekitaldi batean. Egun horretan ospatuko du Jaurlaritzak bere lehen Mandela Eguna. Berez, uztailaren 18an da eguna, baina hauteskunde orokorrak tarteko, urriaren 2ra atzeratzea erabaki zuen Jaurlaritzak. Efemeridea helburu bikoitzarekin jaio zen: batetik, euskal espetxeetako funtzionarioen lana aitortzeko, eta bestetik, askatasunik gabeko pertsonei tratu duina bermatzen dieten giza eskubideak defendatzeko.
Arratsek "behartsuenekin" egindako ibilbidea goraipatu du epaimahaiak erabakia argudiatzeko orduan, baita espetxeetako birgizarteratzearen inguruko programetan egindako lana ere. Epaimahaiaren ustez, Arrats "zigortuen bizi-baldintzak duintzen saiatzeagatik" nabarmendu da.
Jaurlaritzak Gipuzkoan sortutako lehen eguneko zentroa kudeatzen du Arrats elkarteak. Askatasunik gabeko pertsonei zuzenduta dago, eta bertan erregimen erdi irekitik gizarteratzeko laguntza ematen dute.
Urriaren 2ko ospakizunen atariko, Betto Snay Bilbon bizi den rapeatzaile angolarrak kontzertua eskaini zuen atzo Bizkaiko espetxean (irudian ikusgai). EAEko kartzeletan emango dituen hiru emanaldietan lehena izan zen.