Baiona
Hilketa leporatu diete Baionako jaietan gizon baten hilketarekin lotuta atxilotutako zazpi lagunetatik bosti
EITB Media
46 urteko gizonak jipoia jaso eta bederatzi egunez koman egon ondoren hil zen. Sazpi atxilotuetatik bost, 21 eta 27 urte bitartekoak guztiak, espetxera bidali dituzte behin-behinean; beste bi pertsona, berriz, epailearen zaintzapean daude.
Epaileak espetxera bidali ditu behin-behinean, Patrice Laniesen hilketarekin zerikusia zutelakoan asteartean atxilotutako zazpi pertsonetatik bost. Nahitako hilketa eta delitua salatzeko betebeharra ez betetzea egotzi die epaileak, Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak igorritako ohar baten arabera.
Seigarren pertsona bat, laguntza ukatzeagatik eta delitua salatzeko betebeharra ez betetzeagatik atxilotua, epailearen zaintzapean dago. Guztiak, 21 eta 27 urte bitarteko gizonezkoak, joan den asteartean atxilotu zituzten Frantzia iparraldean. Hiru Essonnen, Evrytik gertu, eta hiru Loira Atlantikoan, Pornichet eta Trignac udalerrietan.
Zazpigarren gizonezko bat ere, 33 urtekoa eta delitua salatzeko betebeharra ez betetzeagatik atxilotu zutena, epailearen zaintzapean jarri dute.
Ikerketa judizialak aurrera jarraitzen du, inputatu bakoitzaren inplikazio-maila eta gertaeren nondik norakoak argitzea da orain lehentasun.
Uztailaren 26an, Baionako bestetan, jipoi bat jasan zuen Patrice Laniesen heriotzarekin zerikusia dute guztiek. Gizonari eraso egin zioten Baiona Ttipian, etxe aurrean pixa egiten ari zirelako kargu hartu ostean. Erasotzaileetako batek kolpe handia eman zion buruan biktimari, eta Baionako ospitalera eraman behar izan zuten hura garuneko odoljario batekin. Gizona ospitalean hil zen bederatzi egunez koman egon ondoren.