Itxi

Kilometroak 23

"Auzolanaren eta herrigintzaren indar erakustaldia" egin du Kilometroak jaiak Errenterian

EITB Media

Leer en Castellano

Eguraldia lagun, jendetza bildu da goiz-goizetik Errenterian. "Amaiera paregabea eman diogu urte osoko lanari", nabarmendu dute antolatzaileek.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Milaka pertsona bildu dira igande honetan Errenterian, Kilometroak jaia dela eta. Goizeko 10etan eman diote ofizialki hasiera 'Erriola' lelopean ospatu den Gipuzkoako Ikastolen aldeko jaiari, eta jai-giroa nagusi izan da egun osoan zehar, eguraldi bikaina lagun. 

"Amaiera paregabea eman diogu urte osoko lanari, Errenterian jende ugari bildu duen Kilometroak jaian. Eguraldia lagun, hitzordu parte-hartzaile, anitz eta alaia bizi izan dugu herriko kaleetan. Aurtengo jaiaren aurkezpenean zehaztutako helburuak, euskara eta euskal kultura, komunitatea eta eskertza, bete dira gaurko ospakizunean. Urte osoko lanari jarraituz, gaurkoa ere auzolanaren eta herrigintzaren indar erakustaldia izan da", adierazi dute ohar bidez antolatzaileek, Orereta Ikastolak eta Ikastolen Elkarteak.

"Ederra izan da", esan du Itziar Navarro Orereta Ikastolako lehendakariak: "Oso positiboa izan da, bai eguna, bai azken asteetako lana. Ilusioz aritu gara, eta gozatu dugu. Oso pozik gaude erakutsi dugulako ikastolaren ezaugarriak zein diren, eta gaurko eguna izan delako urte osoan egin den lanaren isla". Lan horrek balioko du aurtengo jaiaren helburuak gauzatzeko: euskararen erabilera herrian sustatzeko egitasmoak martxan jarri, Zubiak Eraikiz egitasmoa (Hendaia, Ziburu, Urruña eta Biriatuko ikastolekin egiten dena, eta gehiagotara zabaldu nahi dena) indartu, eta Añabitarteko ingurua eraberritu.

Hasiera ekitaldi berritzailea

Orereta Ikastolako hezkuntza komunitateak adin guztiei zuzendutako egitarau zabala prestatu du. Goizeko 11etan eman zaio hasiera ofiziala gaurko jaiari, ikastolako ordezkariak eta erakundeetakoak bildu dituen ekitaldi ibiltariaren amaieran. 10:00etan hasita, herriko eragileen babesean egin dute ibilbidea Itziar Navarro Orereta Ikastolako lehendakariak, Nekane Artola Ikastolen Elkarteko eta Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak, Jose Luis Sukia Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusiak, Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuak, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariak. 

Irekiera ekitaldia.

Ezohiko hasiera ekitaldia izan da aurtengoa. Izan ere, aurtengo Kilometroak-en erreferente nagusiak ezagutzeko balio izan duen ekitaldi ibiltaria izan da. Bidean, hainbat une eta gunetan, hitza hartu dute erakundeen ordezkariek zein Orereta Ikastolako eta Ikastolen Elkarteko ordezkariek. Era berean, horiekin batera, ikastolako komunitateak eta herritarrak izan dira protagonista. 

Ibilbide horretan zehar, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Hezkuntza Legearen inguruan azaldu du arau "ezinbestekoa" dela, "datozen urteetarako politikak" ezarriko baititu. 

Hezkuntza Legearen inguruan mintzatu da Nekane Artola Ikastolen Elkarteko eta Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakaria ere, eta Bildarratzi eskatu dio ekarpen guztiak hartzeko kontuan. "Ahalik eta (EAEko) hezkuntza lege onena eta zehatzena nahi dugu, eta espero dugu alderdi politikoen aldetik eztabaida honi herri bezala ditugun erronketan oinarrituta helduko diotela; ausardiaz jokatu, mesedez", galdegin die. 

Kukai dantza taldearen emanaldi labur baten ostean etorri dira hasierako ekitaldiko azken bi une esanguratsuak: batetik, Kilometroak-en lekukoa itzuli dio Orereta Ikastolak Nekane Artolari, eta, bestetik, batukada feministak eman dio amaiera ekitaldiari eta hasiera egun osoko jaiari.

Datozen asteetan jakingo da nork helduko dion datorren urtean Kilometroak antolatzeko erronkari.

Bideoak (1)