Emakumeen aurkako indarkeria
Toledon hildako emakumearen senarrari fidantzarik gabeko behin-behineko espetxealdia ezarri diote
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Homizidio delitua egotzi dio epaileak. Gainera, senarrarekin auto berean zihoan beste gizon bat ere kartzelara bidali du epaileak, delitua ezkutatzea leporatuta. Bigarren atxilotu hori PPko zinegotzi bat da, eta bere dimisioa aurkeztu du dagoeneko.
Joan den ostegunean Val de Santo Domingo Toledoko udalerrian 41 urteko emakumezko bat hiltzea egotzita atxilotu zituzten bi gizoni behin-behineko espetxealdi komunikatua eta fidantzarik gabekoa ezarri die gaur Torrijosko Lehen Instantzia eta Instrukzioko 2. Epaitegiak. Horietako bat hildako emakumearen senarra da, eta bestea, autoan zihoan bidaiari bat. Emakumea autoarekin harrapatu eta hil izana leporatu diete.
Igandean eraman dituzte epaile aurrera bi gizonak. Biktimaren senarrari (45 urte) homizidio delitua egotzi dio epaileak, eta beste atxilotuari (43 urte), delitua ezkutatzea. Gizon hori PPko zinegotzia da, eta, inputatu ostean, dimititu egin du, El Diario kazetak argitaratu duenez.
Behin sumarioa irekita, indarkeria matxistarekin lotutako hilketa dela baieztatu du Gaztela-Mantxako Gobernuak, eta akusazio partikular gisa arituko dela iragarri du.