Itxi

Txertaketa kanpaina

Osakidetza hasi da arrisku taldeetako pertsonak txertatzen

EITB MEDIA

Leer en Castellano

6 hilabete eta 5 urte bitarteko haurrei ere ari zaie gripearen kontrako prestakina ematen. Osasun Sailak emandako datuen arabera, joan den astean 80.000 hitzordu eman zituzten eta horietatik 1.500 umeentzat izan ziren.

Erizain bat gizonezko bat txertatzen, gaur hasi den kanpainan. Argazkia: EFE

Osakidetzak gaur ekin dio covid-19aren eta gripearen aurkako txertoak aldi berean emateari. Arrisku taldekoekin hasi da kanpaina, hots, 60 urtetik gorako pertsonekin, gaixo kronikoekin, haurdunekin, osasun langileekin eta inmunodepresioren bat dutenekin. Adinekoen egoitzetan duela bi aste hasi ziren txertatzen.

Aurten, arrisku taldeko pertsonak gehiago izango dira. Izan ere, 65etik 60ra jaitsi dute talde horretan sartzen diren pertsonen adina. Hala, Osasun Sailak emandako datuen arabera, joan den astean (irailaren 2tik zegoen zita hartzeko aukera) 80.000 hitzordu eman zituzten. 

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak kanpainaren aurkezpenean azaldu zuenez, ez da derrigorrezkoa bi txertoak hartzea, alegia, posible da gaixotasun horietako baten aurka soilik txertatzea. Gripearen aurkako 864.720 dosi eta covid-19aren kontrako 400.000 ditu Euskadik.

Gainerako herritarrek azaroaren 6tik aurrera izango dute txertatzeko aukera (urriaren 30ean hasiko dira hitzorduak ematen).

Halaber, eta lehen aldiz, 6 hilabete eta 5 urte bitarteko haurrek ere txertoa jasoko dute; 73.000 ume, guztira. Joan den astean 1.500 umeri eman zieten hitzordua, eta horietako batzuei gaur hasi zaie prestakina jartzen. 

Nafarroan, datorren astean

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak urriaren 16an abiatu du gripearen eta covid-19aren kontrako txertaketa kanpaina. 60 urtetik gorakoak (160.000 pertsona inguru) eta gaixo zaurgarriak (7.500etik gora) izan dira dosia jasotzen lehenak. Osasun langileek eta arlo soziosanitarioan lanean daudenek hilaren 23tik aurrera jasoko dute txertoa. 

Ipar Euskal Herriak joan den astean abiatu zuen kanpaina

Pirinio Atlantikoetan (Ipar Euskal Herria departamentu horren barruan dago) joan den astelehenean hasi ziren txertatzen, kanpaina urriaren 17rako iragarri bazuten ere. Covid kasuek azkenaldian izan dute gorakadak bultzatuta, bi aste aitzinatu zuten kanpaina.

Albisteak (1)