Itxi

Nobel sariak

Kariko eta Weissman, Medikuntzako Nobel saria, covid-19aren aurkako txertoen harian egindako aurkikuntzengatik

EITB Media

Leer en Castellano

Bi ikertzaileek jaso dute 2023ko Medikuntzako edo Fisiologiako Nobel saria, covid-19aren aurkako mRNA txertoak garatzea ahalbidetu zuten nukleosidoen baseen aldaketen inguruan egindako aurkikuntzengatik.

Katalin Kariko eta Drew Weissman. Irudia: EFE

Katalin Kariko eta Drew Weissman ikertzaileek jaso dute 2023ko Medikuntzako edo Fisiologiako Nobel saria, covid-19aren aurkako mRNA txertoak garatzea ahalbidetu zuten nukleosidoen baseen aldaketen inguruan egindako aurkikuntzengatik, Suediako Karolinska Institutuak gaur iragarri duenez.

Kariko hungariarraren eta Weissman estatubatuarraren aurkikuntzak "funtsezkoak izan ziren covid-19aren aurkako mRNA txertoak garatzeko 2020ko hasieran hasi zen pandemian", azaldu du Suediako erakundeak saria iragarri duenean.

Horien aurkikuntzek bidea zabaldu zieten txerto horiei, eta "milioika bizitza salbatu eta gaixotasun larriak prebenitu dituzte".

"Beren aurkikuntza berritzaileen bidez, aurtengo sarituek funtsean aldatu dute mRNAk gure sistema immunologikoarekin duen elkarreraginaren ulermena. Aurrekaririk gabeko erritmoan, historia garaikideko giza osasunaren aurkako mehatxurik handienetako batean txertoak garatzen lagundu dute", azaldu du Karolinskak.

Katalin Kariko hungariarra. Argazkia: EFE

Saridunek aurkitu zuten oinarri aldatua duen mRNA erabil daitekeela erreakzio inflamatorioen aktibazioa blokeatzeko eta proteinen ekoizpena handitzeko.

Biek argitaratu zituzten euren emaitzak "2005eko funtsezko artikulu batean, une horretan oihartzun txikia izan zuena, baina covid-19aren pandemian gizadiari balio izan dioten garapen kritikoetarako oinarriak ezarri zituena".

Medikuntzako Nobel sariaren iragarpenak eman dio hasiera gaur 2023ko sarituen zerrendari, eta hurrengo egunetan etorriko dira Kimikakoa, Fisikakoa, Literaturakoa, Bakearena eta Ekonomiakoa.

Egutegia

Urriak 3: Fisika

Urriak 4: Kimika

Urriak 5: Literatura

Urriak 6: Bakea

Urriak 9: Ekonomia

Abenduak 10: Sariak banatzeko ekitaldiak Stockholmen eta Oslon (Bakearena)