GERTAKARIA
Lazkaoko kiroldegia hustu dute, tximinian izan den matxura baten ondorioz
EITB MEDIA
Arratsaldean jaso dute deia larrialdi zerbitzuek, ke handia zegoela ohartarazteko. Erabiltzaileak kalera atera dituzte eta ez da inor zauritu. Asteartetik aurrera, normaltasunez irekiko ditu ateak.
Lazkaoko Joxemiel Barandiaran udal kiroldegia hustu behar izan dute gaur arratsaldean, bertako tximinian matxura bat izan eta gero. Izan ere, kea zabaldu da instalazioetan, Gipuzkoako suhiltzaileek jakitera eman dutenez.
Abisua 17:50 aldera eman dute udal kiroldegiko langileek, kea eta erre usaina antzeman dutenean instalazioetan, eta, ondorioz, erabiltzaileak bertatik ateratzea erabaki dute.
Sua piztu denean, hainbat pertsona zeuden barruan; kiroldegiko erabiltzaileak, langileak zein igeriketa ikastaroetan zebiltzan haurrak. Berehala kanpora joateko abisua eman diete, eta sustoa handia izan den arren, normaltasunez irten dira kanpora eta ez da inor zauritu.
Suhiltzaileak lanean aritu dira gauera arte egoera bere onera ekartzeko.
Kiroldegitik mezua bidali diete 21:00ak aldera erabiltzaileei, gertatutakoa azaldu eta astearte goizean zerbitzuak normaltasunez emango dituztela iragartzeko. Bide batez, larrialdiagatik kiroldegitik arropak bertan utzita atera behar izan diren erabiltzaileei bertatik pasatzeko eskatu diete, horiek jasotzera.