HEZKUNTZA LEGE BERRIA
Gaur amaituko da Hezkuntzaren Lege-proiektuari zuzenketak aurkezteko epea
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
2022ko martxoan hezkuntza-proiektuaren inguruko akordioa sinatu zenean baino babes gutxiagorekin heldu da ekimen legegilea ebazpen fasera. PSE-EEk eta EAJk ez dute argitu zuzenketak batera aurkeztuko ote dituzten.
EAEko Hezkuntza Lege berriaren tramitazioa behin betiko fasean sartuko da asteartearekin; izan ere, gaur amaitzen da lege-proiektuari zuzenketak aurkezteko epea. 2022ko martxoaren 18an hezkuntza-proiektuaren inguruan "akordio historikoa" erdietsi zutela iragarri zuten, baikor, eragileek, baina irakurketa hori asko hoztu da ordutik hona.
EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-EB alderdiek Hezkuntza Legearen erreforma gidatuko zuten oinarrien inguruko akordioa iragarri zuten egun hartan, eta harrotasunez aldarrikatu zuten etorkizuneko legeak Eusko Legebiltzarraren % 90eko babesa izango zuela (PP eta Vox hasieratik geratu ziren akordiotik kanpo).
Urte eta erdi geroago, argazkia oso bestelakoa da, ordea: Elkarrekin Podemos-EBk proiektuari osoko zuzenketa aurkeztuko diola iragarri du, proiektuak "kontzertazio eredua betirako blindatzen duelako" eta "segregazioarekin amaitzeko konpromisoa falta zaiolako", bere ustez.
Antza, PSE-EEk ez du argitu EAJrekin zuzenketak batera aurkeztuko ote dituen. Sozialistek nahi dute legeak beren-beregi jasotzea egungo hizkuntza-ereduak (A, B eta D) bere horretan geratuko direla.
EH Bildu ez dator bat horrekin, noski. Koalizio subiranistak hainbat zuzenketa aurkeztuko ditu hizkuntza-politikari, segregazioari eta digitalizazioari dagozkienak, baina Legea aurrera ateratzeko borondatea agertu du. Hala, Elkarrekin Podemos-EBren babesik izan ez arren, EAJrekin eta PSE-EErekin hiruko akordioa egiteko prest agertu da EH Bildu.
Jaurlaritzaren izenean, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak behin eta berriz errepikatu du bere saila "leiala" izan dela hezkuntza itunean jaso zenarekin, eta testu berria "eragileen adostasunaren eta lankidetzaren bidez" onartu nahi dutela nabarmendu du.
EITB MEDIA
Hezkuntza komunitatearen zalantzak
Hezkuntza komunitateak ere zalantzak agertu ditu Eusko Legebiltzarrean onar daitekeen testuaren inguruan. Steilas eta EHIGE lege-proiektuaren aurka agertu dira, baita CCOO eta ELA ere. Azken honek uste du lege berriak "euskarari kalte" egiten diola eta "hezkuntza-sistemako langileen enplegua eta lan-baldintzak arriskuan" jartzen dituela. LABek, berriz, aurrera jarraitzearen alde egin du, uste baitu "prozesuan eragin" behar dela eta "aukera hau hezkuntza eraldatzeko aprobetxatu".
Sektore publikoaren ordezkarietako bat den Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma Hezkuntza Legearen proiektuaren aurka agertu da, eskolako "sistema publikoa ahuldu" egiten duela iritzita.
Aitzitik, Ikastolen Elkartearen iritziz, lege-aurreproiektua "balekoa" da. "Euskal Autonomia Erkidegoan onartzear dagoen Hezkuntza Lege berria hezkuntza-sistema propioa lortzeko tresna izan daiteke", adierazi du berriki Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak.
Neurri batzuk indarrean daude jada
Euskal Autonomia Erkideko Hezkuntza Lege-proiektuan jasotako neurri batzuk abian dira jada ikasturte honetan:
- 2 urteko ikasleak matrikulatzeko sistema berria ezarri dute, ikasle kalteberentzat plazak erreserbatuz
- Haurreskolak edo haurtzaindegiak doakoak dira
- Ikastetxe publikoetako zuzendaritza-taldeak profesionalizatzeko zuzendaritza-funtzioak zehaztu dituzte