Itxi

Bizkaia

Plentziak % 50eko gainordaina ezarriko dio erroldarik ez duten etxebizitzen ondasun higiezinen gaineko zergari

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Alkateak argi utzi du horrek eragina izango duela Udalaren diru bilketan. Halaber, uste du etxebizitzaren arazoari konponbide bat emateko bidea ere izan daitekeela, "etxebizitza huts horiek alokairura bideratzen baldin badira".

Plentzia. Argazkia: Javier Mediavilla Ezquibela

Etxebitzaren arazoari irtenbidea bilatze aldera, eta udan turismoak Plentzian duen gorakadaz jakitun, Udalak erabaki du erroldarik ez duten etxebizitzen OHZri (ondasun higiezinen gaineko zerga) % 50 gainordaina ezartzea, Isuskiza herri plataformaren eta EH Bilduren aldeko botoei esker. EAJ abstenitu egin da.

Bizkaian badira beste zenbait udalerri (Sopela, Bakio eta Lekeitio, adibidez) % 50eko errekargua —udal araudiak onartzen duen handiena— ezartzea aztertu dutenak.

Plentziako kasuan, 1.000 bat etxebizitzari eragingo die neurriak —herrian dauden etxebizitzen ia % 40ri—. Izan ere, herri turistikoa den heinean, udan hirukoiztu egiten da biztanle kopurua, eta, bertako alkate Aitor Garagarzaren (EH Bildu) hitzetan, "horrek gastua dakar".

Alkateak argi utzi du horrek eragina izango duela Udalaren diru bilketan. Halaber, uste du etxebizitzaren arazoari konponbide bat emateko bidea ere izan daitekeela, "etxebizitza huts horiek alokairura bideratzen baldin badira".

"Hau neurri bat besterik ez da, horrek esan nahi du honekin ez dela dena konponduko. Garbi dagoena da udan biztanleria hirukoiztu egiten dela, eta hortik gastuak sortzen direla. Kostaldeko herriak baztertuta gaude, aldundiek ez baikaituzte kontuan hartzen diru banaketa egiteko orduan", azaldu du, eta erantsi, "gure helburua da hutsik dauden etxebizitzen kopurua murriztea".

 

Bideoak (1)