INDARKERIA MATXISTA
Ertzaintzak indarkeria matxistaren biktima diren 5.512 emakume babesten eta 97 erasotzaile zaintzen ditu
O. A. | EITB MEDIA
5.512 emakume horietatik 289k intentsitate handiagoko babes neurriak dituzte, arrisku handikoak edo berezikoak direlako. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak indarkeria matxistaren aurrean emakumeak babesteko plan integrala jarriko du abian 2024an.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Urriko datuen arabera, Ertzaintzak genero indarkeria eta indarkeria matxista delituen biktima diren 5.512 emakume babesten ditu gaur egun: 2.674 Bizkaian, 830 Araban eta 2.008 Gipuzkoan. Emakume horietatik 289k intentsitate handiagoko babes neurriak dituzte, arrisku handikoak edo berezikoak direlako. Gainerakoak, arrisku ertaineko kasuak (1.211) edo oinarrizkoak (4.012) dira.
Babes neurriei dagokienez, 3.629 emakumek auzitegiek emandako babes neurriak dituzte, 26k bizkartzaina dute, 231k kontrazaintza dute eta 215k, ostera, bitarteko telematikoak erabiltzen dituzte.
Gainera, Ertzaintza urruntze agindua duten 97 erasotzaile zaintzen ari da: 38 Bizkaian, 18 Araban eta 41 Gipuzkoan.
Bestalde, Ertzaintzak emakumeen sexu-askatasunaren aurkako 429 delitu zenbatu ditu urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitartean, iaz epe berean baino % 13 gehiago (48 gehiago).
Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak eman ditu indarkeria matxistari buruzko datu eguneratuak, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan.
Emakumeak indarkeria matxistaren aurrean babesteko plan estrategiko integrala
Erkoreka sailburuak ostiral honetan iragarri duenez, Ertzaintzak datorren urtean plan estrategiko bat jarriko du abian indarkeria matxista jasaten duten emakumeak modu integralean babesteko.
Aipaturiko planak hainbat neurri aurreikusten ditu, besteak beste, biktimen arriskua baloratzeko polizia-tresnak eguneratzea eta modernizatzea, indarkeria matxistaren espedienteak erregistratzeko eta partekatzeko tresna informatikoa berrikustea, biktimei arreta eta jarraipena ematen dien talde espezializatua handitzea, emakumeekin lan egiten dute agenteen formazioa areagotzea, ertzain-etxeetako espazio fisikoak egokitzea, polizia-estatistikak "Istanbulgo Protokolora" egokitzea, eta biktimentzako ikus-entzunezko materiala berritzea.
Neurri horietarako diru-partidak 2024ko aurrekontuetan jasoko dira.