Nafarroa Oinez 2023
Euskararen taupada ozen entzun da Etxarri Aranatzen
EITB MEDIA
Andra Mari ikastolatik "oso eskertuta" agertu dira igande honetan Nafarroa Oinez-en jaso duten babesagatik. Jaiak "orokorrean inpresio ona" uztzi duela nabarmendu dute eta "aipatzeko moduko gorabeherarik gabe" joan dela eguna. Zangozako Ikastolak jaso du Nafarroa Oinez lekukoa.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Festa betean murgilduta egon da Etxarri Aranatz igande goizetik gauera, bertan, eguraldia lagun, Nafarroa Oinez 23' ospatu baitute milaka euskaltzale, hotsein! lelopean.
Etxarri Aranazko Andra Mari Ikastolatik "oso eskertuta" agertu dira igande honetan Nafarroa Oinez-en jaso duten babesagatik, "bai festara joan direnen partetik, bai eta herritarren partetik ere". Jaiak "orokorrean inpresio ona" uztzi duela nabarmendu dute eta "aipatzeko moduko gorabeherarik gabe" joan dela eguna.
"Arrakasta erabatekoa" izan da eta ezarritako helburuak bete dira, bai eta "halako ekimen handi bat antolatzeko erronkari" erantzun ere.
Partehartzaileen kopurua zehazterik ez badute ere, azpimarratu dute aparkalekuak lepo egon direla eta Iruñetik bertarainoko trenak ere beteta iritsi direla.
Izaskun Errazkin Etxarri Aranatzeko Andra Mari Ikastolako lehendakariordeak azaldu duenez, "oso urte intentsoa" izan da, eta nekea pilatzen joan den arren, "komunitatea indartu duen urtea" izan dela azaldu du, eta balorazioa "ezin hobea" dela.
Ofizialtasuna aldarri
Irekiera ekitaldian, Izaskun Errazkinek nabarmendu duenez "gure lurraldean bizi diren pertsona guztiei bermatu behar zaizkie hizkuntza eskubide guztiak eta, nola ez, euskaraz hezteko eskubidea, mugak eta zonifikazioak gaindituz, bai Lerinen, bai Lezkairun edo Etxarrin. Euskal hiztunok Europan euskara ofiziala izatea merezi badugu... nola ez Nafarroa osoan".
Elena Zabaleta Nafarroako ikastolen elkarteko (NIE) lehendakariak, Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeaz gain, ikastetxe horiek lurralde osoan duten konpromisoa berretsi du: "Ikastolak Nafarroako lurralde osoan zabalduta gaude eta, haizea alde edo kontra egon, gure konpromisoari eutsiko diogu, marra gorriak gaindituz: euskaraz hazi eta hezi nahi dutenei eskubide hori bermatuko diegu".
Nafarroa Oinez 2023 irekiera ekitaldia. EFE
Ana Ollo Memoria eta Bizikidetzako kontseilari eta presidenteordeak ere parte hartu du ekitaldian, eta nabarmendu duenez, "erakundeok adi egon behar dugu herritarrengandik iristen zaizkigun behar eta eskariei, eta Euskararen Foru Legean agertzen den zonifikazio linguistikoa ezabatzeko aldarrikapena, berria ez bada ere, indar berezia izan du edizio honetan".
"Nafarroako Parlamentuan ez da inoiz gehiengorik egon eta oraindik ez dago hori lortzeko, baina hori ez da oztopo izan behar nafar askok demokratikoa eta bidezkoa den aldarrikapena egiten jarraitzeko", gaineratu du.
Jaiaren irekiera ofizialean hainbat ordezkari politiko izan dira, beste askoren artean, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, Uxue Barkos Gero Baiko senataria eta Nekane Artola Ikastolen Elkarteko presidentea.
Izazkun Errazkinek eta Iñigo Orella Andra Mari Ikastolako zuzendari pedagogikoak Nafarroa Oinezen lekukoa eman diete igande honetan Zangozako Ikastolako ordezkariei; haiek izango dira datorren urteko Nafarroa Oinezen antolatzaile.
Egun beteko festa
10:00etan hasi da jaia Andra Mari ikastolaren eraikin berrian, adar baten deiari erantzunez. Irrintzilariak ikastolako leihoetara atera dira eta izarak zabaldu dituzte 'hotsein!' leloarekin.
Ondoren, hosto zaparrada hasi da eta ikastolako haurrek hosto ibilbide bat osatu dute publikoaren artean.
Nafarroa Oinez 2023. EFE
Irekiera ekitaldiaren ondoren, Andra Mari ikastolako Trantsizio Gelako ikasleek zinta moztu dute, Nafarroa Oinez 2023ko hiru kilometroko ibilbideari bide emanez.
Musikadun bizikleta baten gainean zihoan txirrindulari batek gidatuta, ikastolako aparkalekuan bildu dira gonbidatuak. Bertan, herriko abesbatzak abesti bat eskaini du eta, ondoren, taldea autokarabanen aparkalekuraino jaitsi da. Bertan, erraldoien konpartsarekin topo egin du eta dantzaldia egin du.
Jaian omenaldia egin zaie Irene López Goñiri, Nafarroako Ikastolen Elkarteko arduradun pedagogikoari, eta Jexux Senarri, Andra Mari Ikastolako irakasle eta urte askoan herri kirolen sustatzaileari.
Ibilbidea Etxarri Aranatzen dago, ia 3 kilometro luze da eta hiru gunetan banatu dute: Utzubar Txiki, Arluzepe eta Batzeta.
Andra Mari Ikastola
1969. urtean jaio zen Andra Mari Ikastola. Familiek auzolanean sortu eta hezkuntza-kooperatiba gisa garatutako proiektua da eta orduan bezala, egun ere, euskararen eta euskal kulturaren sustapenarekin erabateko konpromisoa du.
Andra Mari Ikastola Sakanako bihotzean kokatuta dago: Hiriberri, Ihabar, Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Unanu, Dorrao, Lizarraga, Etxarri Aranatz, Lizarragabengoa, Bakaiku eta Iturmendiko ikasleak hartzen ditu.
1969an 12 ikasle zituen Ikastolak 247 familia, 56 langile eta 409 ikasle dituen hezkuntza komunitatea osatzen du gaur egun. Ikastetxearen helburua Bigarren Hezkuntzako eraikina eraberritzea da.