Ekialde Hurbila
Israelen bizi den euskal herritar bat desagertuta dago Hamasek erasoa abiatu zuenetik
EITB Media
Bilboko 46 urteko gizonezkoa Kisuffim kibbutzean bizi zen gaur egun bikotekidearekin. Espainiako Atzerri Ministerioak jakinarazi du espainiar nazionalitateko bi pertsona daudela desagertuta. Ivan Illarramendi da bata eta 19 urteko neska bat bestea.
Ivan Illarramendi Saizar, 46 urteko euskal herritarra, desagertuta dago Israelen larunbatetik, alegia, Hamasek ezusteko erasoaldia egin zuenetik. Hala baieztatu diete iturri diplomatikoek hainbat albiste agentziari.
Aurrez, Espainiako Atzerri Ministerioak jakinarazi du espainiar nazionalitateko bi pertsona daudela desagertuta (horietako bat litzateke Illarramendi). Jose Manuel Albares jarduneko Atzerri ministroak ez du bi desagertutakoen daturik eman nahi izan. "Segurtasun eta errespetu arrazoiak" aipatu ditu. "Oso gertutik ari gara jarraitzen, badakigu nortzuk diren eta agintariekin eta euren familiekin harremanetan gaude", azaldu du.
Iturrion arabera, Illarramendi Kisuffim kibbutzean (Gazatik bi kilometrora) bizi da bikotekidearekin. Zarautzen jaio eta ondoren Bilbon bizi izan da urte askoan, baina Euskal Herria utzita, Kisuffim asentamenduan bizi da gaur egun.
Beste desagertua Maya Villalobo Sinvany da, nazionalitate bikoitza (espainiarra eta israeldarra) duen 19 urteko emakumea. Nahal Oz base militarrean (hori ere Gazatik oso gertu) zegoen erasoa gertatu zenean, soldaduska egiten ari baita.